argia.eus
INPRIMATU
Saharar haurrek uda bakean pasatzeko aukera izango dute Zeraingo aterpetxean
  • Horbel kooperatibaren proiektu bati esker, errefuxiatuen kanpamenduetan bizi diren Saharako hamabi haur hartuko dituzte bi hilabetez Goierriko udalerri horretan. Orkli kooperatibaren Orklidea ekimeneko dirulaguntza jaso du proiektuak.

ARGIA @argia 2025eko ekainaren 26a
Zeraingo aterpetxean hainbat hezitzaile, Orkliko langileak eta herritarrak izango dituzte bidelagun haur sahararrek. Goierri Turismo

Ekainaren amaieratik abuztu amaierara arte Zeraingo aterpetxean Saharako hamabi haur izango dira, Uda Bakean programaren barruan, uda igarotzen. Horbel kooperatibak bultzatu du proiektua eta, horretarako Orkli kooperatibaren diru-laguntza izan du.

Orklidea ekimena Euskal Herriko hainbat proiektu bultzatzeko sortu zuen Ordizian egoitza duen kooperatibak duela urtebete, IPDK Interes Publikoko Dirulaguntza Kooperatiboaren funtsetik. Lehenengo edizio horretan, Saharako haurrek uda Euskal Herrian bakean pasatzeko proiektuari eman diote laguntza, zehazki, 35.000 euro. 

Goierri eskualdean zailtasunak zeuden, Uda Bakean programaren barruan familiek saharar haurrak etxean hartzeko, eta hori ikusita abiatu zuen Horbelek proiektua. Sei hezitzaile egongo dira saharar haurrekin Zeraingo aterpetxean, baina Goierriko hainbat elkarteren laguntza ere izango dute, tartean Orkliko langileak ariko dira ekintzak antolatzen.

Goiberri aldizkariari María Rodriguez arduradunak azaldu dionez, haur horien beharrak asetzeaz gain, Aizkorpeko herritarren "inplikazioa" bilatzea eta "kultura desberdinak gerturatzea" ere bada proiektuaren helburua.

Orklidea-ren bigarren edizioa abian

Saharako haurrekin bultzatutako proiektuaz gain, Orklik beste proiektu bat ere lagundu du aurten 15.000 eurorekin bigarren kategorian, zehazki Pausoka Elkarteak komunikazio zailtasunak dituzten haurrei laguntzeko bultzatutakoa.

Haur horiek bizi diren hainbat familiatan komunikagailuak modu pertsonalizatuan txertatzea da asmoa, gaitasun digitala izan dezaten. "Jasotako diru honek Komunikazioa Guztiontzat, Teknologia Bidelagun proiektuan urrats bat gehiago ematen lagunduko digu", azaldu zuen Estibalitz Iruretagoiena Pausokako koordinatzaileak saria jasotzean.

Bestalde, Orklidea ekimenaren bigarren edizioa jadanik martxan dagoela jakinarazi du Ordiziako kooperatibak, uztailaren 23ra arte aurkeztu daitezke proposamenak eta deialdiaren oinarriak bere webgunean kontsultatu daitezke.