Ostiralean onartu zuen ebazpena NBEren Segurtasun Kontseiluak. Hamaika estaturen sostenguarekin, autonomia plana “gatazkarako konponbide bidezkoa, iraunkorra eta bientzat onargarria” dela adierazi du. Fronte Polisarioak bere aldetik, aurrekaririk gabeko eta “desbideratze arriskutsu” gisa hartu du erabakia. Mobilizazioak izan dira asteburuan Saharako diasporakoen aldetik.
Beste urtebetez luzatu du Nazio Batuen Erakundeak Mendebaldeko Saharako Erreferendumerako Nazio Batuen Misioaren (MiNURSO) operazioa, baina oraingoan, Marokok proposaturiko autonomia eredu koloniala hartu du oinarri. Plan horrek Marokoren subiranotasuna onartzen du Mendebaldeko Saharararen gainean, eta ez du kontuan hartzen Fronte Polisarioak proposatzen duen independentzia plana. Ezarri aurretik erreferendum batean onartu beharko litzateke. Marokoko Mohammed VI. erregeak “garaipen kapitulu” gisa hartu du erresoluzioa.
Itunak Sahararentzat “eskumen jakin” batzuk aurreikuste ditu: ekonomia, azpiegitura, gizarte-garapen eta kultura arloetan. Baina, funtsezkoak diren esparruak: defentsa, kanpo-harremank edo erlijioa, Marokoren kontrolpean leudeke. Ebazpenak hamaika aldeko boto, kontrako bat ere ez, eta hiru abstentzio (Txina, Errusia eta Pakistan) izan ditu. Aljeriak ez du parte hartu bozketan. Errusiak beto eskubidea du Segurtasun Kontseiluan, baina ez du baliatu.
Fronte Polisarioak, saharar herri ordezkari gisa, aurrekaririk gabekotzat eta “oso arriskutsutzat” hartu ditu azken ebazpen honek beregain hartzen dituen zenbait elementu. Saharar askapen nazionalerako mugimendu politiko militarraren ustetan, deskolonizazio auzi gisa Saharari nazioarteko izaera kentzen dio, eta bake-prozesua ahultzen du. Salatu duenez, ebazpenak ez ditu kontuan hartzen gatazka gainditzeko “funtsezko gaiak”. Fronte Polisarioak azpimarratu du “justizia eta bakea sakrifikatzeko helburua” duela aldebakarreko jarrera horrek, eta epe laburrerako “onura” politikoaren mesedetan gatazka sakondu besterik ez duela egiten, arriskuan jarriz eskualde osoko bakea, segurtasuna eta egonkortasuna. Komunikatuan, bake-prozesurako prestutasuna agertu du, beti ere Mendebaldeko Saharen okupazio ilegitimotzat hartzen bada, eta saharar herritarrei beraien nazioaren gaineko erabakitze eskubidea onartzen badu.
AEBek bultzatutako eta idatzitako ebazpena izan da ostiralean onartutakoa, eta “historikotzat” hartu du erabakia. Ordezkari estatubaturrarentzat Marokoren autonomia proposamena irtenbide “errealista eta sinesgarria” da, Maroko “gatazkari irtenbide justu eta iraunkorra emateko oinarri bakar” gisa aurkeztu du. Aljeriak salatu du " herriak ezi direla subiranotasun batetik bestera entregatu".
Euskal Herrian hamaika dira Saharatik erbesteratutakoak. Ebazpen honen aurrean elkarteratzeak egin dituzte Gasteizen, gaitzesteko Mendebaldeko Sahararen autonomia plana. Espainiar Estatuko gobernuari exijitu dio autonomia plana publikoki baztertzeko eta erreferendumaren aldeko jarrera erakusteko.