argia.eus
INPRIMATU
Sagarduik Gasteizko klinika pribatu berria inauguratu du, protesten artean
  • Josefina Arregi Klinikaren irekieran Gorka Urtaran jarduneko alkatea ere egon da.

Ilargi Manzanares 2023ko ekainaren 14a
Gotzone Sagardui eta Gorka Urtaran, Josefina Arregui Klinikaren inaugurazioan (Josefina Arregui Klinika)

Josefina Arregui Klinika, Arabako lehen geriatria eta psikogeriatria klinika, inauguratu dute Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu, Gotzone Sagarduik, eta Gasteizko jarduneko alkatea, Gorka Urtaranek. Klinikak webgunean “irabazi asmorik gabeko erakunde” gisa definitzen du bere burua, alzheimer eta bestelako dementzien diagnostikoak, tratamenduak eta jarraipenak egiten, neuropsikologia kontsultekin batera. Klinikaren helburua “zaharren autonomia hobetzea” dela diote.

Sailburuak proiektu honetan lan egin duten pertsonak zoriondu ditu, eta Eusko Jaurlaritzako departamentuak klinikaren helburuekin bat egiten duela esan du, “etorkizunerako elkartasun baten bidea irekitzen, Euskadiko arreta geriatrikoa eta psikogeriatrikoa hobetzen”. Urtaranek ongietorria eman dio klinikari, “administrazio publikoaz gain sektore pribatutik arreta ematea” beharrezkoa dela esanez.

Gasteiz hoy hedabideak jaso duen moduan, Osasun Publikoa Aurrera elkarteak guztiz arbuiatu du Sagarduiren presentzia inaugurazioan. Arreta geriatrikoaren beharra bera eskaera historiko bat izan dela esan dute, “osasun zerbitzuaren beharrezko zati bat dela” aldarrikatuz. “Gizarte justu batean herritarren sufrimendutik dirua atera nahi duten enpresak gaizkile gisa hartu behar direla” esan dute beraien komunikatuan, eta ordezkari publiko bat horrelako ekintzetan agertzea “inmorala dela” defendatzen dute. “Gotzone Sagarduik dimititu behar du” esanez amaitu dute adierazpena.

Horrekin batera, Osakidetzako garbiketako grebak jarraitzen du, eta grebalariak klinikaren inaugurazioan izan dira, beraien eskaerak Sagarduiri modu zuzenean helarazteko. Gatazka onbideratzeko sailburuaren inplikazioa eskatzen jarraitzen dute.