argia.eus
INPRIMATU
Sagardo Forumak hamaika hitzaldi eta nazioarteko lehiaketa jasoko ditu
  • Sagarra, sagardoa eta sagardotegiak baliabide turistiko gisa. Gai horiek ditu ardatz ostegunetik larunbatera Hernaniko Orona-Ideo eraikinean egingo den II. Sagardo Forumak. Sagardoaren Lurraldeak antolatu ditu jardunaldiok.

Jon Torner Zabala @jtorner 2017ko azaroaren 22a
Sagardoaren munduak zein egoera bizi duen eta azken urteetan zein garapen izan duen ezagutzeko aukera emango du Sagardo Forumak / Euskal Sagardoa

Ostegunean, hilak 23, irekiera instituzionalaren osteko lehenbiziko hitzaldia Sagarlan enpresako teknikari Aitor Etxeandiak eskainiko du, Sagarrondoaren egoera Euskal Herrian izenburupean. Hari jarraituko dio Tirol Hegoaldeko sagastiei buruzko hitzaldiak, eta ondoren parada izango da Asturias (Espainia), Normandia, Bretainia, AEB eta Ingalaterrako sagardoaren ingurukoak ezagutzeko, baita Euskal Sagardoa jatorri deitura berriaren aurkezpena entzuteko ere.

Ostiralean, hilak 24, turismoa izango da protagonista. Euskadiko turismo gastronomikoa, Euskal sagardotegien ibilbidea eta Sagardoaren turismoaren garapena Asturiasen dira eskainiko diren hitzaldietako batzuk. Sagardoaren Lurraldea, etorkizuneko erronkak mahai-inguruak itxiko du egun horretako programazioa.

Larunbatean, hilak 25, Nazioarteko Sagardo Lehiaketaren lehenbiziko edizioa egingo da. Bederatzi kategoriatan banatuko da herrialde ugaritako sagardoak bilduko dituen lehiaketak: Euskal Herrian ekoiztutako sagardoa, Sagardo natural asturiarra, Sagardo tradizional frantsesa, Sagardo tradizional ingelesa, Gaur egungo sagardoa, “Premium” sagardo aparduna, Apfelwein (Sagardoa), Zaporetako sagardoa eta udardoa eta, azkenik, Izotzezko sagardoa.

> Jardunaldien egitarau osoa ikusi.