argia.eus
INPRIMATU
Sader-Profersaren Zorrotzako lantegien jarduera etetea eskatu dute auzokideek osasuna kaltetzen duelako
  • Auzo elkarteak, herri mugimenduak eta ekologistak batu ziren asteazkeneko kontzentrazioan. Lantegien jardueraren amaiera itxaroten ari dira duela hamar urte.
     

Jon Fernández González 2025eko ekainaren 13a
Sader-Profersa enpresen aurkako protesta Bilbon. Ecuador Etxea

Kontzentrazioa Bilboko udaletxe aurrean egin zuten, haien helburua Zorrotzako Sader-Profersaren jarduera etetea da: “Beste behin ere bildu gara gure osasunari eta bizi kalitateari aspaldidanik larriki eragiten dion arazo bati premiazko konponbidea eskatzeko. Nahiz eta urteak daramatzagun hori eskatzen, gaur egun, bi enpresa horien jarduera eteteko behin betiko datarik gabe jarraitzen dugu. Ezin dugu itxaroten jarraitu”. 

Eragileen arabera lantegiek sortzen duten kutsadura auzokideen eguneroko bizitza kaltetzen du: “Kutsadurak eta ziurgabetasunak markatzen dute gure egunerokotasuna. Ezin ditugu leihoak askatasunez ireki (...) Ez egunez, ez gauez, ez gara ausartzen gure etxeak aireztatzen, begiak, eztarria eta burua narriatzen dizkiguten gasak sartzeko arriskurik hartu gabe”.

Luzaroko borroka

Hamar urte daramatzate Zorrotzako auzikideak lantegien jardueraren amaiera itxaroten. Bilboko Udalak hitzarmen bat sinatu zuen Sader-Profersa enpresarekin horren lekualdaketa bizkortzeko. Hamar urte geroago “konpromiso hori ez da bete”. Zorrotzako auzokoak hainbatetan mobilizatu dira egoerari aurre egiteko baina ez dute inolako erantzunik jaso. 

Horri gehitzen diote enpresak izandako istripuak eta hondakin kopuruaren muga gainditzea. Gertakari horiek zirela eta Eusko Jaurlaritzak lantegiak itxi zituen behin-behineko eran. Enpresak beharrezko dokumentazioa aurkeztu eta gero, jarduerarekin jarraitu zuen.

Egoera hori ez dela gehiegi aldatu argudiatu dute auzokideek: “Azken ikuskapenek adierazi dute ez direla betetzen airearen, uraren eta lurzoruaren babes neurriak, eta hutsune larriak daudela prebentziorako eta hondakinen kudeaketarako neurriei dagokienez”.