argia.eus
INPRIMATU
Sabin Arana Bilbao zendu da, frankismoan errepresialiatua
  • Sabin Arana Bilbao (Sestao, 1944-Gasteiz 2013) hil da, gaixotasun baten ondorioz. Frankismo garaian atxilotua eta torturatua, politikan militatu zuen bizitza guztian, langileen eskubideen eta abertzaletasunaren alde. Euskararen aldeko makina bat ekintza eta proiektutan ere hartu zuen parte.

ARGIA @argia 2013ko irailaren 11
Sabin Arana, legebiltzarreko Giza Eskubideen batzordean. (Raúl Bogajo/Argazki Press)

ETA Veko kide izateagatik atxilotu zuten Arana, 1968an. Lau egunez tortura gogorrak jasan ostean, erizaindegitik kartzelara eraman, preso sartu eta bederatzi urte eman zituen espetxean, harik eta 1977ko amnistiarekin kanpora atera zen arte.

Ondoren ere, ez zuen militantzia politikoa baztertu: 80ko hamarkadan, Auzolan alderdian (Euskadiko Ezkerraren eszisioa) aritu zen, alderdietatik at langileen eskubideen eta abertzaletasunaren alde jarraitu zuen borrokan eta iaz, Goldatu elkartearen sorreran hartu zuen parte, Frankismoan errepresaliaturiko beste hainbat kiderekin batera. Francoren diktadura ikertzea eta auzitara eramatea du xede elkarteak.

Euskararen alorrean ere lan ugari egindakoa zen Sabin Arana. Hala nola, Gasteizko udal euskaltegian aritu zen irakasle eta zuzendari, jarduera askotan hartu zuen parte eta Geu Gasteiz aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen, 90eko hamarkada hasieran.

Gaur arratsaldeko 17:00etan, agur ekitaldia egingo diote lagun eta senitartekoek, Gasteizko Lauzirica beilatokian.