Zergatik ezkutatzen dute laino erradioaktiboa Europako agintariek?

  • Egunak aurrera joan ahala, nabarmenagoa da irail amaieraz geroztik Europa zeharkatu duen laino erradioaktiboari buruzko informazio falta. Errusiatik iritsi dena ziurtzat jota, isuriaren jatorriaz hipotesiak zabaltzen ari dira. Eta herritarren osasuna zaintzeko ardura duten erakunde nagusienganako kritikak ere bai.

Europa zeharkatu duen irradiaziozko lainoaren iturri posibleak, Pierre Fetet adituaren adituaren ustez. (Irudia: Fukushima blog)

2017ko azaroaren 20an - 10:59

Azaroaren 17an ARGIAk zabaldu zuenez, Errusiako instalazio nuklearren batek istripua izan eta Rutenio-106 erradioaktiboa hedatu du Europan. Europako beste lekuetan aurkitutako arrastoetan ikertuz IRSNk osatu zuen kalkuluen arabera erradiazioak harrapatutako eremuen mapa, eta ondorioztatu Errusia eta Kazakhstan arteko eskualde batean zuela sorburua.

Informazio ofizialik ezean, susmoek susmo huts diraute. Helburu zibil bezala militarreko sateliteren batek lurrera erortzean Rutenio 106 hori barreiatu izana baztertuta dago, hilabeteotan ez delako horrelakorik gertatu. AEBetako irrati publikoen webgunean, Geoff Brumfielek azaldu duenez, zenbait zientzialariren susmagarrietako bat Dimitrovgrad hiriko Erreaktore Atomikoetarako Ikerketa Zentrua da. Bertan Molibdeno 99 ekoizten dute, medikuntzan eskanerretarako erabiltzen den gai erradioaktiboa, garaiotan oso urri omen dagoena: Molibdeno 99 ekoizteko prozesuan sortzen da, alboko produktu moduan, Rutenio 106. Dimitrovgraden medikuntzarako gai erradioaktiboez gain bestelako produktu atomikoez ikerketa eta esperimentuak burutzen dituzte

Bigarren hipotesiak errudun posiblea ikusten du Mayak korporazioak Txeliabinsk eskualdean daukan faktoria handian, non urte luzez arma atomikoak ekoiztu baitituzte eta orain ofizialki bederen erregai atomiko erabilien birziklapenean (funtsean, egonkortu eta mende luzeetarako lurpean kokatzeko prestaketan) berezituak baitaude.

Aldiz, Fukushima blogak asteburuan egindako eguneraketan Pierre Fetet adituak jarraitzen du joan den astean aipatu zituen hiru susmagarrietan zentratzen bere susmoak, energia atomikoaren erabilera zibil zein militarretan berezituak diren Lesnoi, Novouralsk, Snezhinsk, Ozyorks eta Tryokhgorny hirietan. Horiek Europako mapan kokatuz eskaini du mapa argigarri berria; Fetetek aipatzen ez duen Dimitrovgrad mapa horretan geratuko litzateke Tryokhgornytik ezkerrerago, Kazakhstanen mugatik hurbil.

Egunotan agiri berri batean CRIIRAD Erradioaktibitateari buruzko Ikerketa eta Informazio Independenterako Batzordeak salatu duenez (hemen ingelesez) , Munduko Osasun Erakundeak ez du orain arte hitzik esan herritarren bizimoduan eragin errealak eduki ditzakeen pozoiketaz, eta Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak (lobby nuklearrak, hitz lauz) berdin jokatu du. “Europa mailan –dio CRIIRADek azken agirian– guk dakigula ez da agindu bakar bat eman neurketa sareak eta analisi laborategiak mobilizatzeko; informazio ofizial bakar bat ez da entzun; ez da inolako oharrik zabaldu ustez arriskutsuak izan daitezkeen eskualdeetara doazen edo haietan bizi direnentzako. Ez al da harrigarria hainbeste baliabideren jabe izanda inolako ikerketarik ez abiaraztea kutsaduraren iturria bilatzeko edo gutxienez zenbait hipotesi baztertzeko? Ez al da sinestezina lagin bakar bat ere ez jasotzea? (…) Europako estatuek nahiago ote dute ez jakin? Ala badauzkate informazioak sekretupean edukitzea nahiago dutenak? Hedabide gehienak konformatu dira Europan bizi den egoera lasaitzekoa dela dioten informazioekin eta honek tamalez asko lagundu die isilik jarraitzea erabaki duten agintariei”.

Bestalde, Pierre Fetetek xehetasun ez hain txiki bat gehiago eskaini du: 2016an Rutenio kutsadura hauteman zela Normandiako (Frantzia) La Hague zentral atomikoaren inguruetan. Beraz, ez da egia Europan sekula ikusi gabea dela Rutenio 106 kutsadura, eta ez da ere egia zentral nuklear baten fisioan sortzen ez denik kutsagai hori.

Europan aurkitutako Rutenio-106 arrastoen mapak erakusten du adituentzat
Errrusiako Txeliabinsk eta Sverdlovsk eskualdeetako zentralen batean gertatu
dela isuria. (Irudia: IRSN) Argazki oina

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Istripu nuklearrak
Energia nuklearraren ekoizpena maximo historikoan: seguru al gaude?

Nazioarteko Energia Agentziaren esanetan 2025ean inoiz baino energia nuklear gehiago produzituko da munduan. Nuklearren bultzada berri baten aurrean gaude, baina erreaktore eta zentraletan izaten diren “gertakariak” ikustea besterik ez dago hartzen ari garen... [+]


Istripu nuklear baten arriskuaz kezkaturik, Zaporizhiako zentralerako bidean da IAEA

Erasoek ez dute etenik martxoan Errusiako armadak bere egindako Ukraina hego-ekialdeko zentralean eta bi aldeek batak besteari leporatzen dizkiote bonbardaketak. Hondamendi nuklear bat saihesteko asmoz, hara joango da Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeko delegazioa. Egun... [+]


Zaporizhiako zentral nuklearra ez dute ikuskatu oraindik

Zentral nuklearraren inguruko bonbardaketen erantzulea Ukraina izan dela dio Errusiak, eta Ukrainak Errusia izan dela, berriz. Egoera oraindik arriskutsua dela ohartarazi du Boris Zhuikov erradiokimikan adituak.


Fukushimako lurrikara, tsunamia eta istripu atomikoa gogoratu dituzte zazpigarren urtez

Londrestik Tokyora, Paris eta Madrilen barrena, ugariak izan dira 2011ko martxoaren 11 ilun hartan Japonia azpikoz gain jarri zuten hondamendien oroitzapenezko ekintzak. Urtetik urtera oihartzun gutxiago dutenak, hori ere egia. Hondamendiaren orbanak erraz ahazten baitituzte... [+]


Agur eta ohore 2017, lurtarrok Rutenio 106 ezagutu genuen urtea

Udaberrian ikasi genuen Torio, Norvegiako Haldengo zentraletik ihes eginda Europan barreiatu zen kutsagai erradioaktiboaren izena. Udazkenean egokitu zaigu Rutenio 106 ikasi beharra, baina oraindik inongo agintarik ez du aitortu ez non, ez zein istriputan, ez nori egin dion ihes... [+]


Eguneraketa berriak daude