Eztabaida piztu da ETBk EAEko 19 parlamentari Gabon gaueko Euskal Kantuen Gaua saioan Ruper Ordorikaren Zaindu maite duzun hori kanta abestuko dutelako. Gaiari buruz idatzi zuen Mikel Iturriak Harrikadak blogean eta Ordorikak bertan erantzun du.
“Ez dut uste inor ni baino gehiago harrituko zenik telebistan Zaindu Maite Duzun Hori zenbait parlamentariren ahotan entzutean. Labur esateko, gaur arte inork ez dit baimenik eskatu, eta susmoa dut aurrerantzean ere ez didatela eskatuko” idatzi du Oñatiko abeslariak.
Eztabaida Interneten
Eztabaidaren abiapuntua ETBk zabaldutako bideo hau izan zen. Bertan Eusko Legebiltzarreko talde guztietako kideak agertzen dira Ordorikaren abestia kantatzen.
Jon Eskisabelek Berrian Gorroto duzun hori zutabean bideoa kritikatu zuen: “Egunkaria indarrez ixtea babesteaz aparte, hura euskal kulturaren eta euskararen beraren mesederako operazioa zela esanez iseka egin zigun Angel Acebes ministroaren alderdiko ordezkariak jarri dituzte Zaindu maite duzun hori kantari”.
Gaiaz idatzi dute Aritz Galarragak Berrian bertan eta Oier Aranzabalek ZuZeun ere.
Xabier Isasi EH Bilduko parlamentariak Eskisabelen zutabea irakurri eta berak bideoan zergatik parte hartu zuen azaldu du bere blogean: “Ondo dago kritika, ongi etorri izan dadila. Baina egin dakigukeen kritikarik zorrotzena euskaldunen aurkarien ondoan euskaldun izatea zein nekeza den abestea bada, bejondeigula!”.