Amaitu da Bateragune auziko bigarren saioa, bihar goizeko 10:30ean jarraituko du. Gaurkoan Mañel Serra, Miren Zabaleta, Rufi Etxeberria, Ainara Oiz eta polizien txanda izan da. Akusatu guztiek ukatu dute Bateraguneko parte izatea eta fiskalaren galderei erantzutea.
Rufi Etxeberriak azaldu du ezker abertzalean izan zen barne eztabaida bultzatu zuela eta bertan milaka pertsonak parte hartu zutela: “Ezker abertzaleak hartutako bideak kezkatzen gintuen zenbait pertsona bildu ginen. (...) Otegik eta biok pentsatzen genuen eztabaida sakona beharrezkoa zela. (...) Eztabaidan argi geratu zen ekintza armatuaren garaia behin betiko amaitu behar dela”. Auzipetuek ez bezala, Rufi Etxeberriak azaldu du Bateragune zer zen bazekiela, existitu zela eta Ekinen erakundea zela. Murillo epaileak galdetu dio ETAk eztabaida horretan parte hartu zuen eta Etxeberriak ezetz erantzun dio. Horrela amaitu du deklarazioa.
40 minutuko atzerapenarekin hasi da Bateragune auziaren bigarren eguna. Mañel Serra izan da deklaratzen lehena eta Aiert Larrarte abokatuaren galderak erantzun ditu. Ondoren Miren Zabaletaren txanda izan da, eta hauek amaitutakoan, lekukoek hartu dute hitza.
Mañel Serra eta Miren Zabaletak ez diete fiskalaren galderei erantzun eta euren abokatuen galderei soilik erantzun diete. Serrak ukatu egin du Bateraguneko propagandaren arduraduna izatea eta adierazi du ez dakiela taldea zer den ere. 2009an LABeko egoitzara lan bila joan zela esan du. Bere atxiloketaren inguruan ere hitz egin du; alabaren ikastolan izandako bilera batetik irten zenean kale erdian lau kotxe gurutzatu omen zitzaizkion.
Zabaletak bestetik esan du Sonia Jacintok jarri zuela Otegirekin kontaktuan eta honek egina zuen diagnostikoarekin ados zegoela, biek pentsatzen zutela egoeraren blokeoaren inguruan eta eztabaida bat abiarazi beharrean: “Tesi nagusia ezker abertzalearen estrategia aldatzea zen horrela egoera aldatzeko. Zerbait berria zen”. Otegik eztabaidan parte hartzera gonbidatu zuela jakinarazi du eta berak baiezkoa eman ziola. Besteak beste, Adolfo Araiz, Floren Aoiz eta Koldo Castañedarekin elkarrizketatu omen zen. Egin zituzten bilerak sekretuak ez zirela adierazi du. ETAren eskutitz bat zuela onartu du, filtrazio moduan jaso zuena eta horrek aldaketa estrategikoaren aurrean zuten jarrera ezagutzeko aukera eman omen zion: “Egia esan paper hori guk erakuts genezake, errugabetasuna erakusten duen froga delako eta ez aurkakoa”. Azpimarratu du bide politiko eta demokratikoak jarraitzea dela garrantzitsuena.
Ondoren, Rufi Etxeberria, Ainara Oiz eta polizien txanda heldu da. Poliziek adierazi dute ez dutela oroitzen 2009ko operazioan egin zuten lana. Defentsako abokatuek azaldu dute operazio hau Segiri Sestaon eginiko jarraipenarekin nahastu zuela poliziak batek izapideetan.
Entzun Rufi Etxeberriaren adierazpen osoa Info7 irratian