“Marra gorri batzuk daude eta horiek ez ditugu gurutzatuko, sozialistak gara eta ez abertzaleak”. Esaldi horrekin lurperatu zuen Rubalcabak Nafarroan gobernu alternatibo bat egoteko itxaropen txikiena. Iruñean atzo egindako hitzaldian, PSOEko idazkari nagusiak garbi utzi zuen erabaki estrategikoak Madrilen hartuko dituztela eta PSNren lana “egunean egunekoa” dela.
Hitzaldia entzuten izan ziren Yolanda Barcina Nafarroako presidentea, Miguel Sanz presidente ohia, Alberto Catalán Nafarroako Parlamentuko presidentea eta Roberto Jiménez PSNko idazkari nagusia.
Alfredo Pérez Rubalcabak Barcinaren belarriak gozatu zituen atzokoan “gobernu egonkorraren” aldeko diskurtsoarekin. Bere ustetan “abertzaletasun erradikalak” oraindik bidea du egiteko PSNrekin batera gobernatzen hasi aurretik. Bestalde, hauteskundeak aurreratzea “ez da soluzioa” Rubalcabaren iritziz, horretara iritsi baino lehen “beste gauza batzuk saiatu behar dira”.
UPNren egoera benetan larria da PSN gobernutik kanporatu zuenetik. Bi alderdien arteko harremana ozpinduta egon da denbora luzez. Baina UPN barruan, Barcina eta Catalánen artean lehia sortu da alderdiaren agintea lortzeko, eta horrek ekarri du berriz ere PSNrekin akordiora iristeko iritziak ugaritzea. Testuinguru horretan, Rubalcabaren atzoko adierazpenek norabide hori sendotu egin dute.
Alfredo Pérez Rubalcabaren hitzaldia Foro SER Navarran: