argia.eus
INPRIMATU
“Frantziak eta Belgikak paper zuzena eduki zuten Ruandako genozidioa antolatzen”
  • 20 urte bete dira 1994ko apiriletik uztailera bitarte 800.000 pertsona hil zituztenetik Ruandan, tutsi etniakoak gehiengoa. Ruandako presidente Paul Kagamek genozidioaren antolaketan Frantziak izandako parte hartzearen akusazioek bi herrialdeen arteko krisi diplomatiko berria ireki dute.

Iera Aranburu @ieraran 2014ko apirilaren 07a
James Nachtwayren argazkia, 1994. urtean Ruandan ateratakoa.

Salaketa gogorrak egin ditu Kagamek azkeneko bi asteetan Frantzia eta Belgikaren aurka. 20 urteren buruan Frantziak onartutako gauza bakarra “ez zuela nahikoa egin genozidioa saihesteko” dela adierazi du Ruandako presidenteak: “Oinarrizkoena ezkutatzen saiatzen dira, Frantziak eta Belgikak genozidioaren antolaketa politikoan paper zuzena eduki zutela eta sarraskian parte hartu zutela”.

Ruandako indar armatuak armez hornitzea leporatu diete Frantziari, munduko hainbat hedabidek argitaratu dutenez. Frantziak genozidioa planifikatu eta bertan parte hartu zuten susmagarri ugari babestu eta ezkutatu zituela salatu dute. Garai hartan Ruandako Hutu muturreko erregimenarekin aliatuta zegoen Paris eta gaur egun genozidioan izandako paperak eztabaidagarria izaten jarraitzen du.

Frantziaren erantzuna

Ruandak François Hollande Frantziako presidentea gonbidatu zuen genozidioaren omenaldira. Parisek omenaldietara Christiane Taubira Justizia ministra bidaltzea erabaki zuen. Herrialdean ez dute begi onez ikusi keinua bi eta tentsioa areagotu da.

Omenaldiak

NBEren arabera mundu osoan gertatutako sarraski handiena izan da. Omenaldiak 100 egun iraungo ditu, genozidioak iraun zituen egun berak. Hiru hilabetez bataz beste 10.000 pertsona hil ziren egunean Afrikako herrialdean.

NBEren izenean Ban Ki-moon idazkari nagusia bertaratuko da. “Ruandan izandako basakeriak asaldatzen jarraitzen gaitu”, adierazi du. NBEk 2.500 Kasko Urdin bertaratu zituen sarraskia geldiarazteko: “Kasko Urdinak Ruandatik kanporatuak izan ziren herrialdean laguntza gehien behar zutenean”.