argia.eus
INPRIMATU
RT eta Sputnik hedabide errusiarren Youtubeko kanalak zentsuratu ditu Googlek
  • "Ukrainako gerraren ondorioz, Russia Today eta Sputnikekin lotutako YouTubeko kanalak blokeatzen ari gara Europa osoan, neurria berehala sartuko da indarrean", argitaratu du asteartean AEBetako multinazionalak bere Twitter kontuan. "Gure taldeek eguneko 24 orduetan egoera zaintzen jarraitzen dute, neurri azkarrak hartzeko", gaineratu dute. Otsailaren 27an, YouTubek errusierazko Sputnik kanala blokeatu zuen Ukrainan. Eta orain debekua Europa osora zabaltzea erabaki du Googlek.

Axier Lopez @axierL 2022ko martxoaren 01a

Azken egunetan Errusiako hedabide nagusien aurkako debekuak bata betearen atzetik etorri dira. Asteartean Google-k Russia Today-ren eta Sputnik-en Youtubeko kanalak zentsuratu ditu Europan. Aurretik, TikTok sare sozialean ere bi hedabide horien kontuak blokeatu zituzten EBko lurralde osoan. Russia Today-ren frantses, ingeles eta espainierazko bertsioak jada ez dira ikusgai Europar Batasuneko herrialdeetan. Hala ere, EBkoak ez diren herrialdeetatik konektatzen diren erabiltzaileek RTko edukiak ikusten jarrai dezakete.

Blokeoaren ondorioz, Sputnikek Telegrameko bere kanaletan harpidetzeko deia egin die irakurleei –hainbat hizkuntzetan dituzte kanalak sortuta–, han albisteak argitaratzen jarraitzen dute beste plataformetan ezarritako zentsuraren gainetik.

Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek Russia Today eta Sputniken emisioei betoa jartzea proposatu zuen  ostiralean, "desinformazio toxikoa eta kaltegarria" argudiatuz. "Desinformaziorako eta garun garbiketarako tresna dira", esan zuen Josep Borrellek prentsaurreko berean. Oleksandr Tkachenko Ukrainako kultura ministroak ere hala egiteko eskatu zion Google-ri gerra piztu ostean.

Googlek Ukrainako krisiaren aurrean hartu dituen beste neurri batzuk honako hauek dira: Errusiako Gobernuak finantzatutako hedabideen plataformetan monetizazio aukera etetea; bere politikak urratzen dituzten bideoak kentzea; eta bi milioi dolar ematea iragarkietan, laguntza humanitarioaren inguruko informazio ematen ari diren erakunde eta taldeentzat.

Twitterren ere "seinalatuak"

AEBetako Twitter multinazionala ere mugimenduak egiten ari da gerra piztu denetik, enpresaren iritziaren arabera ustez Errusiako Gobernuaren aldeko infomazioa zabaltzen dutenen aurka. Adibidez, Marco Teruggi kazetariak astelehenean salatu du Twitterrek bere kontu pertsonalaren informazioa atalean, berari jakinarazi gabe, ondorengo lerroa gehitu diola: "Errusiako Gobernuarekin afiliatutako hedabidea". Beste kazetari batzuek ere Twitterren jarrera bera salatu dute.

"AEBen eta NATOren kolonia gisa jokatzen du Europak"

"Prentsa-askatasuna bahitzea ez da gaur egun munduan gertatzen ari dena konpontzeko bidea. Demokrazien erantzuna ezin da zentsura izan". Lidia Fagale Buenos Airesko Prentsa Langileen Batasuneko (UTPBA) idazkari nagusi eta Kazetarien Erakundeen Nazioarteko Lankidetza Plataformako kidearen hitzak dira, Europan RT eta Sputnik blokeatu izanaz. Kazetarien elkarte hori Pekinen sortu zuten 2019an.