Rosa Zarraren hilketaren 30. urteurrena da ekainaren 30ean. Ekainaren 29an, biolentzia polizialaren biktimaren omenaldian, hainbat eskakizun egin zituen Egiari Zor fundazioak. Zarraren familiak Juan Mari Atutxa Segurtasun sailburu ohiari barkamena eskatzea galdegin dio.
Egiari Zor fundazioak antolatutako omenaldia eta gero zabaldutako komunikatuan, indarkeriaren biktima batzuk aitortuak izan direla diote, estatuak eragindako bortxaren aurrean aldiz, "urte askotako ukapenaren ondoren egia ezartzeko borrokan jarraitzen" dutela adierazi dute. Ertzaintzaren biolentziaren aurrean justizia eta erreparazioa eskatu duten biktimek deslegitimatuak izateko saiakerak jasan behar izan dituztela salatu du fundazioak.
Historikoki, bertsio ofizialek giza eskubideen aurkako ekintzak justifikatzeko pisu handia izan dutela nabarmendu dute. Horrekin lotu dute Rosa Zarraren hilketa, "ez hanka ez bururik ez zuen" bertsio ofiziala ezarri baitzuten. Duela hilabete gutxi, Zarraren heriotza Ertzaintzak eragin zuela frogatu dutela ospatu dute, hala ere, fundazioak azaldu du familiak "negazionismoaren, inpunitatearen eta kontakizun gezurti" baten aurka 30 urtez borrokatu behar izan duela.
Omenaldian, Zarraren alabek adierazpenak egin zituzten, haien artean, garaiko Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari eskakizun bat egin zioten: "Hemendik, Atutxa jaunari eskatu nahi diot ez dezala galdu guri, familiari eta babesa eman zeniguten guztioi zor digun barkamena eskatzeko aukera".
Modu berean, Egiari Zor fundazioak lehendakari eta Barne sailburu berriari, "autokritika zintzoa egitea, Ertzaintzak eragindako mina aitortzea, erantzukizunak onartzea eta erreparatzeko borondatea agertzea" eskatu die.
Rosa Zarraren hilketa
Rosa Zarra 58 urteko donostiarra Ertzaintzaren gomazko pilota batek jo, eta horren ondorioz, zortzi egunera hil zen. Lasa eta Zabalaren gorpuak Tolosara eraman zituztenean istiluak sortu ziren Ertzaintzarekin. Horri erantzuteko, Euskal Herria Askatu plataformak elkarretaratzea antolatu zuen Donostian, Amara Berriko Bakearen Usoaren inguruan. Leku berberean Alditrans enpresako langileak elkartu ohi ziren ETAk bahitutako Jose Maria Aldaia enpresaburua askatzea eskatzeko. Istiluak sortu ziren eta Ertzaintzak tiro egin zuen eta Zarrari sabelean eman zion.