argia.eus
INPRIMATU
Rojavako Iraultzaren ekarpenak etxera ekartzeko unea
  • Aurreko udan Kurdistanen egondako talde batek, internazionalismoaren beharra azpimarratuz egin du publiko brigada. Hala Bedi Tabernan hitzaldia eskainiko dute urtarrilaren 30ean, baina ez da bakarra izango.

Hala Bedi @halabedi 2019ko urtarrilaren 07a

Aurreko udan, “Ekialde Hurbilean garatzen ari diren esperientzia iraultzaileen inguruko jakinminak bultzatuta”, Euskal Herriko militante multzo bat Kurdistango Rojavara abiatu zen.

“Benetako iraultza al da? Zein hausnarketetatik dator historikoki mugimendu kurdoak aldarrikatutako estatu propio baten gaur egungo ukapena? Zeintzuk dira XXI. mendearen baitan iraultza batek dituen elementu garrantzitsuenak? Zein formatan garatzen ari da emakumeen borroka?” Hauek eta beste hainbat galdera zituztenean ekin zioten bideari, ohar batean adierazi dutenez. “Ez pentsa, baina, galdera guztiei erantzuna topatu geniela”.

Brigadista hauek irmoki uste dute “beste herrien borrokak babestea eta bultzatzea iraultzaile guztion ardura dela, nahiz eta kritikak edota desadostasun konkretuak izan”. Orain, Euskal Herrian hango esperientzia azaltzeari ekingo diote datorren hilabeteetan.

“Baliogarriak diren elementuak hartu eta beste prozesuetan aplikatzea interesgarria da”

Rojavako Iraultzaren, Ekialde Hurbileko geopolitikaren, egitura politiko ezberdinen, antolakuntza moduen, militantzia ereduen, kontraesanen, eta, besteak beste, ikaspenen inguruan mintzatzeko hitzaldi bira bat antolatu dute Euskal Herria osoan zehar. Arabako kasuan, urtarrilaren 30ean hitzaldia eskainiko dute Hala Bedi Tabernan.

“Gure internazionalismoaren ulerkeran, beste borroketatik asko ikasteko dugula uste dugu, eta kasuan kasu, borrokarako baliogarriak diren elementuak hartu eta beste prozesuetan aplikatzea interesgarria dela deritzogu. Guk bizitako esperientzatik sortutako analisi zein hausnarketa batzuk garatu ditugu, besterik gabe”. Horretaz aparte, gai konkretu batzuekiko idatzizko hausnarketa zein kronikak plazaratuko dituzte datozen asteetan.

Albiste hau Hala Bedi Irratiaren webeguneak argitaratu du eta CC by-sa lizentzia erabilita ekarri dugu ARGIAra