"Gizarteari barkamena eskatu nahi diot" esanaz espetxean sartu zen ostegunean Rodrigo Rato Espainiako presidenteorde ohia eta Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari ohia. Finantza krisiaren arduradunetako baten gisa hartua da sektore askoren partetik. Berarekin batera, bi urtetik gorako zigorrekin Ezker Batuko Moral Santin eta PP, PSOE, CCOO eta UGT-ko ordezkari gehiago kartzelaratuak izan dira.
"Hau ez da besterik gabe gertatu" adierazi dute 15MpaRato plataformako kideek pozik. Plataformako kideek, herritarren borrokaren emaitza zuzena dela espetxeratzea eta gizarte zibilak hasieratik bultzatu ez balu, lehen edo bigarren urtean artxibatuko zutela kasua adierazi dute.
Aldi berean, “kasu honetan pertsona fisikoen gainetik, ustelkeriaren arduradun diren eta zigorgabetasun osoz jarduten duten alderdi politikoak epaitzen dira”, nabarmendu dute.