Europako presa eraiste handiena bultzatu duen aktibista da Roberto Epple, European Rivers Network elkarteko presidentea. Normandiako Vezins presa eraistea lortu dute, 36 metrotako altuerakoa.
Urteak daramazkite Roberto Epple eta European Rivers Network elkarteak Frantziako presen eraikuntza eragozten eta zaharrak eraisten. 80ko hamarkadan Roberto Epplek WWF elkartearen laguntzaz, Pays de la Loiren lau presaren eraikuntza atzera botatzea lortu zuten, baita beste hiru eraistea lortu ere.
Ordutik arriskutsuak diren edo ekologian kalte handia eragiten duten presak eraisten saiatzen ari dira. Vezins presara etorrita, 2004an EDF Frantziako enpresa elektriko nagusiak presaren kudeaketaren kontratua beste 40 urtez berritzea eskatu zuen, baina European Rivers Network eta WWF elkarteek bota behar zela esan zuten, Atlantikoko izokinaren igarobidea oztopatzen zuela argudiatuz. Hala, 2009an Frantziako Estatuak onartu zuen presa bioaniztasunerako oztopoa zela, eta elektrizitatea produzitzeari utzi zioten. 2012an, azkenean, Frantziak eraistea erabaki zuen.
Beste zerbaitetan ere aitzindariak dira, Roberto Eppleren ustetan: “Guk presa bat betirako ez denaren ideia zabaldu genuen, eraitsi daiteke. Etxe bat botatzen den bezala egin behar duzu, segurtasunagatik ezin baita dinamitatu”.
Presa guztiak ez direla zertan bota behar ere azpimarratu du Epplek. Presen kudeaketaren kontzesioak amaitzen direnean egoera ondo aztertu behar dela dio, eta segurtasuna bermatu ezin duten horiek bota behar direla.
Euskal Herrikoekin zer?
1996an Itoitzeko urtegiaren obrak hasi ziren, eta hasieratik izan zituen aurkari asko proiektu honek. Lehenik eta behin, hiru natura-erreserba eta hegaztien babeserako bi eremuri eragin zien obrak, eta zazpi herri urperatu zituen gainera. Horrez gain, enpresariak diruduntzeko beharrezkoa ez zen proiektua izan dela esan ohi da. 1996ko apirilaren 6an Itoitzekin Elkartasuna taldeko zortzi kidek hormigoia garraiatzen zuten kableak moztu zituen; ekintza horrek obrak zortzi hilabete atzeratu zituela kalkulatzen da. Zortzi kide horiei lau urteko kartzela zigorrak eskatu zizkieten, eta horietako hiruk kartzelan amaitu zuten.
Gaur egun, lurrikara mordoa izaten dira inguruan, eta ikerketa batzuen arabera presa oso arriskutsua da mendi-hegalak luiziak jasan ditzakeelako. 2004ko irailaren 18an 4,6 graduko seismoa nabaritu zuten ikerlari ofizialek, eta Jaume Almera Institutuak egindako ikerketan 365 mugimendu sismiko kontatu zituzten 2004ko irailaren eta abenduaren artean. Esako urtegia arriskutsua den ala ez ere jendartean izan da beti, izan ere, mugimendu sismiko asko antzeman dira azken urteetan.