"Bake zubiak eraikitzeko laguntza" eskatu dio jendeari balkoitik egin duen lehen agerraldian.
Lau bozketaren ondoren –asteazken arratseko bat, ostegun goizeko bi eta arratseko beste bi–, ke zuria irten da Vatikanoko Kapera Sistinoko tximiniatik 18:00ak pasatxoan: horixe da iragan berri den bozketan hautagai batek botoen bi heren jaso dituela iragartzeko mezua. Handik ordu eta erdira iragarri dute aita santu berria nor izango den: Robert Prevost estatubatuarra. Eta hautatu duen izena, Leon XIV.
Gizonak 69 urte ditu eta, aurreko aita santuak izendatuta, "mundu osoko apezpikuen eta Latinoamerikako batzordearen arduradun" kargua zuen. Perun bizi izan da, eta hango herritartasuna dauka. Hangoei espainolez keinu egin die Vatikanoko balkoira irten eta lehen adierazpena egin duenean.
"Izan dadila bakea zuekin", esanez hasi du hitzaldia Leon XIV aita santuak. Frantzisko aita santua omendu du, haren buruzagitza goraipatu, "bakearen eta humanitatearen alde" egindako lanagatik, eta eskerrak eman dizkie botoa eman dien kardinal guztiei. "Bakea" aipatu du gero, gehiagotan: "Elizak misiolari eta abegikor izan behar du, elkarrizketarako zubiak eraikiko dituena, herri bakar bat izateko, beti bakean". Baita jendearen "laguntza" eskatu ere, "misio horretan laguntzeko", eta zera gaineratu du: "Jainkoak guztiok maite gaitu baldintzarik gabe". Hainbat komunikabidek nabarmendu dutenez, ez da Donald Trumpen politiken aldekoa.