argia.eus
INPRIMATU
Erresuma Batuko pertsonarik aberatsenetako bat izango da lehen ministro berria: Rishi Sunak
  • Boris Johnsonen Ekonomia ministro ohi Rishi Sunak izango da Erresuma Batuko lehen ministroa. Alderdi kontserbadorearen barruko lasterketan, aurkari nagusien babesa lortu ditu Sunakek.

Axier Lopez @axierL 2022ko urriaren 24a

Downing Street-era heltzeko lehian, bere aurkariak, Komunen Ganbarako buru eta estatu idazkari ohi Penny Mordauntek, utzi duela iragarri du eta beraz, Rishi Sunak izango da lehen ministro. Sunak zen Liz Truss lehen ministro ohiak utzitako lekua hartzeko aukera gehien zuen hautagaia, eta azkenean, aurreikuspena bete da. Alderdi barruko babes garrantzitsuak lortu ditu, tartean Boris Johnson lehen ministro ohiarena.

42 urte ditu Sunakek eta gizon zuria ez den lehen pertsona izango da kargu horretan. Indiako Punjab eskualdeko migratzaileen biloba da, Afrikako ekialdetik 1960ko hamarkadan Ingalaterrara joandakoak. Winchesterreko ikastetxe pribatu elitistan ikasi zuen eta Filosofia, Politika eta Ekonomian lizentziatu zen Oxfordeko Unibertsitatean. Sunak eta bere emazte Akshata Murtyren artean- 825 miloi euro inguruko dirutza daukate, The Guardian-en arabera. Eta hala, Sunday Times hedabideak osatutako zerrendaren arabera, Erresuma Batuko 222. familiarik aberatsena da.

Irailean, Boris Johnsonek alde egin ostean, Sunakek lehia galdu zuen alderdiaren buruzagitza (eta beraz, gobernuarena) lortzeko lehia, Liz Truss izan baitzen garaile oinarri kontserbadoreen botoari esker.

Bere aurrekari Liz Truss izan da Erresuma Batuan karguan denbora gutxien eman duen lehen ministroa: 45 egun. Ostegunean dimisioa eman zuen, bere alderdiko kideen artean presio handiak jasan ondoren. Irailean ekonomia biziberritzeko promesarekin boterea hartu ondoren, Trussek pakete fiskal neoliberal eztabaidagarria iragarri zuen, baina merkatuetan kontrakotasun handiak sortu zituen. Polemikaren ondorioz, finantza ministroa kargutik bota eta iragarritako neurri gehienak baliogabetu zituen. Handik denbora gutxira kargua utzi behar izan zuen.