Zutik film laburrak Rikardo Arregi kazetari, idazle, pentsalari eta ekintzailearen figura berreskuratuko du fikzioaren bidez. Ainara Mendiola errenteriarrak zuzendu du lana eta 19:00etan emango dute Andoaingo Bastero kulturunean. Sarrera doan izango da.
1965etik 1969an trafiko istripu batean hil arte Rikardo Arregik egindako ibilbidea du ardatz Zutik filmak. Frankismo gordina izan arren, berpizkunde baten hasiera ere izan zen garai hura euskal kulturarentzat eta Arregi buru-belarri murgildu zen: Zeruko Argia-n eta Jakin-en artikuluak idazten, saiakerak, mota askotako bilerak eta proiektuak… Filmak islatuko ditu Arregiren pentsamenduan eragina izan zuten hainbat egoera, baina baita haren alde intimoagoa ere, logelako bakardadean islatuko dena.
Eta, besteak beste, lehenbiziko aldiz fikzionatuko du Arregiren ibilbideko une gogoangarrienetako bat, Usurbilen Udarregi bertsolariaren omenaldia zela-eta antolatutako ekitaldian eman zuen hitzaldia –Aiurri aldizkariak sarean jarri zuen 2011. urtean hitzaldi osoaren audioa–, zeinean ohartarazi zuen euskara hiltzeko zorian zegoela, baita egoera hori aldatzeko gure gizartea egunero euskaraz aritzea zela irtenbidea: "Argi eta garbi, eman diezaiogun aurpegi gure egoerari eta gure errealitateari", adierazi zuen, "borondate onez ez da salbatuko euskara, euskara salbatuko da Euskal Herriko zineak, Euskal Herriko legeak, Euskal Herriko gizartea, euskaldunon eskuetan egongo den orduan. Gainontzekoak, gezurrezkoak dira".
Maluta filmsek ekoiztutako lan honen protagonista Mikel Arregi andoaindarra izango da, Rikardo Arregiren iloba. Filma zuzendu duen Ainara Mendiolak ere, gertutik ezagutzen du euskal prentsa, EHUn Gizarte eta Komunikazio Zientzietan lizentziatu ondoren Euskaldunon Egunkaria-n eta Berria-n kazetari lanetan aritu baitzen. Zutik izango da bere bigarren ikus-entzunezko lana. Aurretik, Menchu Gal artista irundarrari buruzko dokumentala zuzendu zuen 2013an.