argia.eus
INPRIMATU
Rikardo Arregi Sariak: lau izen, zeresan franko
  • Kosmosa: Pello Ramirezen txelo doinuak hartzen du Bastero kulturuneko aretoa. Dena dago prest. Horman Rikardo Arregi Sarien afixak. Aulkiak, gonbidatuen zain; mikrofonoa, berben esperoan. Kaosa: kazetari bat urduri, haririk gabeko Internet konexioak madarikatzen. Azkenean ezin Twitter bidez ekitaldia kontatu, eta gerorako utzi du lana. Baliabide tradizionalagoak (boligrafoa, papera) atera, eta ekitaldiaren argazkia ateratzen saiatuko da arratsaldean.

2010ko uztailaren 05
Aurtengo saridunak

Lau izen: Beñat Sarasola, Imanol Murua, Baleike eta ARGIA. Saria jasotzean, denek zeukaten zeresana. Sarasola izan da oholtzara igotzen aurrena. Berria egunkarian publikatutako literatur kritikengatik jaso du Kazetari Berria saria eta, adierazi du, kazetari peto sentitu ez arren, prentsarako egin dituen lanetan literatura oso baliagarria suertatu zaiola. Sarasolaren hitzak editore ezagun baten alboan eserita aditu ditu kronika honen egileak; eta editoreak, zera nabarmendu dio: berak dakiela, lehenengo aldiz irabazi duela gure kazetari-sarietako bat literatur kritikari batek. Generoa izaten ari den garapenaren erakusgarri ere bada, beraz, aurtengo Kazetari Berria saria.

Imanol Muruaren txanda etorri da ondoren. Aipamen Berezia egin dio epaimahaiak kazetari –kronikagilearen zalantza: ofizioa ez al du hemen letra larriz idatzi behar?– zarauztarrari. Arrazoia: Loiolako Hegiak, jakina. 2006ko bake-elkarrizketen sekuentzia osatu du Muruak liburu horretan, ñabardura ugari azaleratuz, lanbropean zeuden gertakariak argituz. Hitza hartu duelarik, ordea, bere liburua kritikatu du Muruak, bukaera “txar” eta “prebisiblea” daukalako. Eta prentsak gure Arazoan –hemen zalantza gutxiago ditu kronikagileak letra larria jartzeko– bete beharko lukeen rolaz hausnartu du. Kazetaritzak ezin omen ditu gatazkak konpondu, baina konponbidea ez oztopatzen gutxienez saiatu beharko luke. Hartzeko moduko oharra, aurrerantzean zer gerta ere.

Zumaiako Baleike aldizkariak irabazi du aurtengo Sari Nagusia. Bizi-bizi dabiltza nola paperean, hala sarean. Saria jaso, eta jende aurrean paratuta, herri prentsaren estatusa aldarrikatu du Gorka Zabaleta zuzendariak: “Herritarrei gehien axola zaiena gertuko informazioa da”. Gertukoa, hilabetekarian; gertukoa, egunero Interneten: albisteak, blog komunitatea, multimedia... Aurrerantzean ere, emango du zeresana Zumaiako komunikazio proiektuak.

Eta, last but not least, ARGIA. Ohorezko Aipamena jaso du euskal prentsaren dekanoak, 90 urteko ibilbidearen sari modura. Xabier Letona zuzendariak hitz egin du ARGIAko lan talde osoaren izenean, eta euskal prentsak egun bizi duen egoeraz hausnartu du. Letonaren esanetan, garrantzitsua da ondare historikoa zaintzea, baina bizirik dauden proiektuak, orain eta hemen diharduten horiek dira inportanteenak. Horregatik, krisi ekonomikoaren mehatxupean, sektoreak eta instituzioek elkar hartu behar dutela adierazi du.