argia.eus
INPRIMATU
Hilberria
Richard Irazusta politikaria hil da, 66 urterekin
  • Lizarra-Garaziko akordioan hartu zuen parte, Abertzaleen Batasunaren ordezkari gisa. Alderdi horretako bozeramaile izan zen. Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztu zen 1988an, 1993an, 1995ean eta 1997an. Azken hamar urteotan Hendaiako auzapezorde izan da.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko maiatzaren 27a

Eritasun luze baten ondotik, 66 urterekin zendu da Richard Irazusta politikari hendaiarra. Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen ordezkari ezagunenetarikoa izan da.

2008tik Hendaiako hautetsi izan da Irazusta, Kotte Ezenarro sozialistarekin akordatuta, eta 2014tik auzapezorde kargua izan du. Ibilbide politikoa, dena dela, 1980ko hamarkadan abiatu zuen. 1986an, Ezkerreko Mugimendu Abertzalea (EMA) ordezkatuz, eskualdeetako bozetara aurkeztu zen estreinakoz; eta bi urte geroago, Frantziako Legebiltzarrerako zerrendetan joan zen, EMAren izenean. Horien ostean, EMAk koalizioa osatu zuen EArekin, Euskal Batasunarekin eta bestelako erakunde zenbaitekin; multzo horrek Abertzaleen Batasuna (AB) izena hartu zuen –aldaketak egin ziren koalizioaren barnean, 1990eko hamarkadan, besteak beste EAJren aldera jo zuelako EAk–. ABko eledun ezaguna izan zen Irazusta.

1998an, Lizarra-Garaziko akordio historikoaren izenpetzaileetako bat izan zen Irazusta. ABren ordezkaria izan zen mahai horretan, Mertxe Colinarekin batera, eta, jakina, Euskal Herriko hainbat alderdi politikotako, sindikatutako eta herri mugimendutako ordezkariekin batera.

ARGIAk elkarrizketa egin zion Irazustari 2001eko ekainean. Lizarra-Garaziko hitzarmena "krisi garaian" zegoela aitortu arren, zera nabarmendu zuen: "Herrian sorturiko esperantza ezin da erabat baztertu. Memento zailak bizi arren, elkarrekin mintzatzea eta proiektu komun batean pentsatzea, eskema hori, presente dago eta izango da".