argia.eus
INPRIMATU
Sarek deituta, 600 pertsonak osatu dute mosaikoa Donostian
  • Euskal presoen egoera larria dela eta, bestelako espetxe politika garatzeko deia egin die Frantziako eta Espainiako gobernuei. 

Jone Markuleta @JMarkuleta 2020ko urriaren 26a
Mosaikoa Kontxako hondartzan. Argazkia: Sare

Aterki zuriekin eta "Resolution" lelopean, 600 pertsona inguruk parte hartu dute Sare Herritarra plataformak eraiki duen mosaikoan, larunbatean Donostiako Kontxako hondartzan. Hasiera batean manifestazioa eta mosaikoa egitea zen asmoa, baina koronabirusak eragin duen egoera dela eta, mosaikoa solik eratu dute. Bestelako espetxe politika garatzeko eskakizuna luzatzea izan du helburu ekintzak. Elkarretaratzera batu ziren, besteak beste, EH Bildu, EAJ, Podemos alderdiak eta ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak. CCOOk ere, hitzetz babestu zuten Sareren ekintza, baina ez zen elkartaratzean izan. 

Joseba Azkarragak eta Inaxio Oiartzabalek egungo espetxe politika "helduleku eta gizatasun gabeko espetxe politika" dela salatu dute. Pandemiaren egoerak egoera are gehiago okertu du espetxeetako bizikidetza eta honekin amaitzea eskatu die Espainiako eta Frantziako gobernuei.

Sareko bozeramaile den Bego Atxak beren eskakizunak zein diren aipatu du: adinekoak diren eta gaixotasun larriak edo sendaezinak dituzten presoak aske uztea, urruntze politikarekin amaitzea, eta "etxeratze prozesuak martxan jartzea dakarren gradu progresioa" ahalbidetzea. Atxak, Andaluzian edo Galizian bizi diren presoek, eta berauen familiek bizi duten egoera gordina azaleratu du, azpimaratuz 40 kilometro egin behar dituztela bisitan igaro dezaketen minutu bakoitzeko.