Khelifa Tadjine tolosarrak maiatzaren 3an jasandako eraso arrazistarengatik salaketa jarri du. RENFEko segurtasun zaintzaileek Hernaniko geltokian trenetik bultza eta jipoitu egin zuten salaketaren arabera.
Tadjinek azaldu duenez, trenean eseri orduko “inongo edukaziorik gabe” eskatu zioten txartela zaintzaileek. Tadjinek ez ziela txartelik emango erantzun zien: “Hemen nire txartela. Baina ez dizuet emango. Hori ez da zuen lana. Eta nire txartela nahi baldin baduzue, niri bezalaxe, denei eskatu beharko diozue”.
Bere kabuz Hernaniko geltokira jaisten ari zela, zaintzaileek bultza egin eta jipoitu egin zuten, “laban txiki batekin ere mehatxatu ninduten”. Beharrezko mediku txostenarekin salaketa jarri zuen, Tolosaldeko Atariak bildutako dokumentuen arabera.
Asteartean, ordea, Tolosako kaleetan topatu ditu bi zaindariak berriro ere Tadjinek. Atzetik segika izan dituela eta, Tolosako Udaltzaingoan beste salaketa bat jarri du. Lekukoen bila dabil orain.
Tolosako udalbatzako alderdi guztiek adierazpen instituzionala onartu dute erasoa gaitzetsiz eta Tadjineri elkartasun guztia adieraziz. Udalak adierazi duenez, “RENFEri gertatutakoa argitzeko eta erasotzaileen aurkako neurriak hartu ditzan eskatu dio”.
SOS Arrazakeria eta Jatorkin Elkarteek elkarretaratzera deitu dute ostiralerako, 19:00etan, Tolosako Trianguloa plazan.
Informazio gehiago:
RENFEko segurtasun zaindariek gaztelania erabiltzera derrigortu nahi izan zituzten hainbat pertsona Ordiziako geltokian.