argia.eus
INPRIMATU
Reincidentes taldeko abeslaria desagertu egin da Miamin
  • Fernando Madina Reincidentes musika talde andaluziarreko abeslari eta baxu-jotzailearen arrastoa galdu dute haren lagunek Miamiko (AEB) aireportuan. Taldeak bertan behera utzi du Quiton (Ecuador) eman behar zuen kontzertua.

ARGIA @argia 2013ko abenduaren 09a
Ostiralaz geroztik dago desagerturik Fernando Madina. (Argazkia: Musicopolis)

Taldeak kaleratutako oharrak dioenez, ostiralean, Quitora bidean eskala egin zuten Miamin. Taldekide guztiak igo ziren hegazkinera, Madina salbu, aireportuan atxiki baitzuten "oraindik argitzeke dauden segurtasun arrazoiengatik".

Berarekin harremanetan jartzen saiatu direla diote taldekideek, immigrazio-autoritate eta poliziekin hitz egin dutela, baina adierazi dute ez dagoela daturik Madinaren aurkako salaketa abiatu izana erakusten duenik, ezta atxilotua dagoela ziurta dezakeenik.

Madinaren senideak Espainiako Poliziarekin eta Espainiak Washingtonen duen enbaxadarekin jarri dira harremanetan. Jakinarazi dietenez, gaur jarriko dituzte abian Madina aurkitzeko komunikazio mekanismoak AEBetako autoritateekin.