argia.eus
INPRIMATU
Reem Dandan, Gazarako Mugimendu Globala
“Gure herrian genozidioaren konplizeak badaude, gure erantzukizuna da horiek salatzea”
  • Global Sumud Flotillak deituta, dozenaka ontzi itsasoz ahaleginduko dira Israelek ezarritako blokeoa hausten. Ekimenera mundu osoko aktibistak batu dira, tartean lau euskal herritar. Deialdiari babesa adierazteko, Gazarako Mugimendu Globaleko Euskal Herriko delegazioak hainbat ekimen antolatu ditu. Erakunde horretako kide den Reem Dandanekin hitz egin du ARGIAk, eta adierazi du ez dagoela hitzik Palestinan gertatzen ari dena deskribatzeko: "Txikizioa, sarraskia, hilketak... horregatik parte hartu behar dugu herri gisa honen aurka".

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko abuztuaren 26a

Lurrez ezin bada, itsasoz ahalegindu behar: Gazara Martxa-k Egiptok zerrendarekin duen muga heltzera lortu ez zuenez, mundu osoko dozenaka ontzi abiatuko dira Gazara bidean datozen egunetan. 44 herrialde baino gehiagotako aktibistak batu dira Global Sumud Flotillak antolatutako ekimenera, tartean lau euskal herritar. Hori iragarri dute Gazarako Mugimendu Globaleko kideek Gasteizen astelehenean egin duten agerraldian, Eskoriatza-Eskibel jauregiaren atarian. Hain zuzen, erakunde horretako kide den Reem Dandanek adierazi dio ARGIAri ekimenaren helburu nagusia Gazara heltzea dela, bertara laguntza humanitarioa sartzeko korronte humanitario bat irekitzeko: "Hori izango litzateke lehen urratsa, azken helburua genozidioa amaitzea baita".

Gazarako Mugimendu Globaleko Euskal Herriko delegazioko hainbat kide Egipton ere izan zirela aipatu du Dandanek; beraz, itsasoz abiatuko dutena Gazara heltzeko bigarren ahalegina izango da: "Palestinarekin dugun konpromisoa aspaldikoa da, eta uste dugu honakoa beste modu bat dela han bizi duten egoera amaitzeko". Zerrendara bidean abiatuko diren hainbat ontzi Bartzelonako portutik abiatuko dira abuztuaren 31n, eta horiei elkartasuna adieraztera joateko erakundeak bi autobus antolatu ditu: bezperan abiatuko dira, bat Bilbotik eta bestea Donostiatik.

Horrez gain, astelehen goizetik hasita ostiralera arte dozenaka lagun baraualdia egiten ari dira Arabako hiriburuan, eta irailaren 6an itsas-lehorreko martxa antolatu dute Bilboko itsasadarrean. Dandanen arabera, "milaka arrazoi" daude ekimen horietan parte hartzeko, baina nagusiena zera dela aipatu du: "Ezin dugu onartu egunero telebistan, komunikabideetan edo sare sozialetan ikusten duguna: hilketak, sarraskia, txikizioa...". Palestinan gertatzen ari dena "onartezina" dela gaitzetsi du Gazarako Mugimendu Globaleko kideak: "Horregatik borrokatu behar dugu herri gisa honen aurka".

Gobernuen eta enpresen konplizitatea

Ekimenean parte hartzeko arrazoien artean, Dandanek herrialde ugaritako gobernuek palestinarren genozidioan duten konplizitatea azpimarratu du: "Armak bidaltzen edo saltzen eta Israelgo enpresekin milaka kontratu sinatzen dituztenean, euren nazioarteko interesak daude jokoan". Gobernu horiek orain arte ez dutela ezer egin salatu du, eta aurrerantzean ere halaxe jarraituko dutela: "Hortaz, guri dagokigu zerbait egitea".

Azkenik, Euskal Herriko instituzioek nahiz enpresek Israelekin dituzten harremanak jopuntuan jarri ditu Dandanek. Hain zuzen, asteartean, Gasteizen bertan, Eusko Legebiltzarraren aurrean elkarretaratzera deitu dute 18:00etan, Jaurlaritzari eskatzeko Israelekin eta "sionismo kriminalarekin" harreman oro eteteko. Gainera, Euskal Herriko enpresak genozidioan "guztiz sartuta" badaude, euskal herritarren betebeharra horren aurka borrokatzea dela aldarrikatu du: "Gure herrian armak ekoizten badira, gure erantzukizuna da hori salatzea".