argia.eus
INPRIMATU
Rajoyk onartu du Europako Batzordea presionatu duela Kataluniaren auzian
  • Mariano Rajoy Espainiako presidenteak onartu du Europako Batzordeko presidente ordea presionatzeko pertsona bat bidali zuela Bartzelonara. Estatuaren Egoerari buruzko eztabaidan egin ditu adierazpenak. Viviane Reding Europako Batzordeko bigarrenak Kataluniaren balizko independentziari buruz egindako adierazpenen ondoren etorri da Rajoyren aitorpena.

Ane Lusarreta 2014ko otsailaren 26a
Redingi “espainiar estatuan gauzek nola funtzionatzen duten” erakusteko pertsona bat bidali zuen Rajoyk Bartzelonara (Arg: Vozpopuli)

Iñigo Mendez de Vigo Europar Batasunerako estatu-idazkaria izan zen Redingekin hitz egiteko hautatutako pertsona. Europako Batzordeko kideari “espainiar estatuan gauzek nola funtzionatzen duten” erakusteko bidali zuen Rajoyk idazkaria.

Mendez de Vigo eta Redingen arteko hizketaldiaren ostean Rajoyren mandatariak hitza hartu zuen Redingen agerraldian, eta “tontoek bakarrik eztabaidatzen dituztela gertakariak” esan zuen, katalanei erreferentzia eginaz. Ateraldi horrek txistu hotsak eragin zituen (bideoa hemen ikus daiteke).

Barrosorekin hitz egin du Rajoyk

Bestalde, Rajoyk Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Durao Barrosorekin Kataluniari buruz hizketan aritu dela baieztatu du Estatuaren Egoerari buruzko eztabaidan.

"Beste zenbait buruzagi politikorekin" ere hitz egin duela gaineratu du, presidente gisa "betebeharra" duelako.

Rosa Diez, Rajoyrekin bat

UPyD alderdiko Rosa Diez pozik agertu da Rajoyren hitzekin. “Espainiarrei dagozkien gaiak espainiar guztiek erabaki behar dituztela” azpimarratu du, eta Redingi “demokrazian beti legeek ezarritako marra gorriak egongo direla” aurpegiratu dio.

Diezek txalotu du Rajoyk Kataluniari buruzko diskurtso “politikoa” egin izana eta ez “juridikoa” . Kontsultari aurre egin izanarekin bat egin du.

Informazio gehiago:

Kataluniako prozesuari buruzko kanal berezitua dauka argiak: Kataluniaren independentzia.