Raul Zibechi: "Venezuela bilakatu da Saudi Arabia berria, munduko botere banaketan giltzarria"

  • Raul Zibechi kazetari uruguaitarra chavismoak azken urteotan eramandako bidearekin kritiko agertu da ezkerretik. Azken hauteskundeen bezperetan idatzi du Venezuelari buruz "Cruce de Caminos" artikuluan. Herrialde honetako edozer baldintzatzen duen datu nagusia azpimarratzen du: petrolioaren geopolitika. Hona zati bat euskaraturik.

Raul Zibechi kazetari uruguaitarrak kritikatu du neurgailu desberdinak erabili dituztela hedabideek Madurorekin Venezuelan eta Saudi Arabian. Arrazoia: petrolioa.

2015eko abenduaren 14an - 02:24

Azken hamar urteotan Venezuelak lurpean dauzkan frogatutako erreserbak %274an handitu dira, pasatuz 2004ko 80.000 milioi upeletatik 2014an kalkulatu diren 298.000 milioietaraino. Ia lau aldiz biderkatu dira, herrialdea bihurtuz petrolio erreserbetan munduko lehena, planetak daukan guztiaren ia %20 dauzkala. Epe berean, Saudi Arabiaren erreserbak doi-doi %1 handitu dira, 267.000 milioi upeletaraino. Hau da, goia jota dagoela. Herrialde arabiarrak eduki baldin badu munduko erreserbetan lehena izateko ohorea II. Mundu Gerraren amaieratik, orain bigarren postura jaitsi da, bere lurpean ez datza planetako petrolioaren %15 baino.

Datuok erakusten dute petrolioaren geopolitikan, denek dakitenez edozein geopolitikaren korapilo handiena den horretan, Venezuela bilakatu dela Saudi Arabia berria. Hau da, munduko gaurko eta biharko botere banaketan herrialde klabea. Eta honekin ez jolasean ibiltzerik.

AEBk harreman pribilegiatuak ezarri zituen erregetza sauditarrarekin. 1945eko otsailaren 14an Franklin Roosevelt presidentea egun batzuetan egon zen bilduta Abdelaziz ibn Saud erregearekin USS Quincy gerraontzian, Yaltako bileratik etxera bidean. Petrolioa izan zuten mintzagai nagusi. Zazpi hamarkadaz Riadek merkatua baino merkeagoko prezioetan saldu zion petrolioa Washingtoni, horrela bermatuz munduko lehen potentziaren nagusitasun ekonomiko eta politikoa. Ordainetan, AEBk sekula ez diote petro-monarkiari eskatu beste herrialdeei eskatzen dietena eta ez du bere barne politikan muturrik sartu. Gaur arte ez du eskatu ez hauteskunde demokratikorik, ez  adierazpen eta bilera askatasunik, ez giza eskubideekiko errespeturik. Horrela, gaur egun Saudi Arabia da halako “Estatu islamiar toleratu bat”. Washingtonek ezikusia egin die hango emakumeen eskubideei (ezin dute kotxerik gidatu, esate baterako), blogari bati zigortzat ezarritako milatik gora zigorradari, edo beste edozein herrialdek baino nasaiago erabiltzen dituen burugabetzeei. Washingtonen ez du auzitan jartzen Yemenen Saudi Arabiak dagien gerra ere, Mendebaldeko hedabideek kasik aipatzen ez dutena.

Aitzitik, petrolioaren geopolitika horrek berak eraman zuen Etxe Zuria ahorik ez irekitzera 1989ko otsailean Carlos Andrés Pérez Venezuelako presidenteak –gaur Venezuelako oposiziokoak defenditzen dituen Felipe Gonzalezen lagun handia bera– odoletan ito zuenean Caracasen murrizketa ekonomikoen kontrako herri matxinada bat, 300 hildako eta 2.000 desagerturekin. Alderatu bedi zer nolako oihartzuna eman dioten hedabideek Nicolas Maduroren gobernuaren kontrako manifestazioei –PSOEk Maduroren “tirania” aipatzen du– saudiarabiarrena bezalako erregimenei ematen  dietenarekin. Petrolioaren geopolitika da gakoetako bat ulertzeko nola dauden bi neurri ezberdin  segun eta munduko zein lekutarako.

['La Brecha' aldizkari uruguaitarrean Raul Zibechi kazetari ezagunak argitaratutako "Cruce de Caminos" artikuluaren atal bat, ARGIAk euskaraturik]


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Venezuela
Miren Egiguren. Ez da kikiltzen
"Agortzen ez den iturburu bat daukat barrenean"

Venezuelatik itzuli zenetik, Tolosako Zuloaga auzoaren behealdeko parkean ematen ditu arratsaldeak Miren Egigurenek, bizpahiru lagunekin. Hantxe aurkitu dugu ekainaren bukaerako egun batean. Elkarrizketa egiteko lagunaren etxera igo garenean, Hugo Chavezen panpinarekin... [+]


2023-05-05 | Gedar
Nortasun zedula eskuratu du Asier Guridi iheslari politikoak

Urte luzez egin du borroka, nortasun juridikoa aitor ziezaiotela exijitzeko. Herrigabe eta heriotza zibil egoeran izan dute hamar urtez Venezuelan.


Angel Prado. Demokrazia komunala
"Ez dugu irla bat izan nahi"

Angel Prado Padua borrokalari venezuelarra Euskal Herriko hainbat tokitan ibili zen hilaren hasieran, El Maizal komuna sozialistaren berri ematen, Demokrazia Komunalaren Aldeko Nazioarteko Sareak gonbidatuta. Hernanin bildu ginen harekin, bere hitzaldiaren bezperan. El Maizalen... [+]


Eguneraketa berriak daude