Iraultzaren arrakastatik ia sei hamarkada igaro direnean, Castrotarrek Kuba gobernatzeari utziko diote. Ostegun honetan iragarriko dute zein izango den herrialdeko presidente berri eta Raúl Castroren ordezko. Miguel Díaz Canel presidenteordeak ditu aukera gehien eta ez da espero norabide aldaketa handirik.
Kubako Asanblea Nazionalak erabakiko du presidente berria eta aurreikuspenak betetzen badira, Miguel Díaz Canel 57 urteko ingeniari elektronikoa izango da aukeratua. Hala, Iraultza egin zuen belaunaldiak hurrengo belaunaldiei emango lieke lekukoa eta boterea, eta epe motzean behintzat, ez da espero aldaketa handiegirik; Raúl Castrok urteotan eraman duen politikari jarraikortasuna emango zaiola uste dute adituek. Castrok berak Alderdi Komunistako idazkari nagusi izaten segituko du.
Fidel anaia ordezkatu zuen Raúl Castroren gidaritzapean, sektore pribatua zabaldu da urteotan (gaur egun kubatarren ia %30ek sektore pribatuan egiten dute lan), kanpo zorra birnegoziatu da, herritarrek bi urtez legalki atera daitezke irlatik bertako ondasunak galtzeko arriskurik gabe, eta AEBekiko harremanak normalizatzeko urratsak eman dira, besteak beste.