Rajoyri ezezkoa inbestidura saioko lehen bozketan

  • Espero zenez, Mariano Rajoy PPko hautagaiak ez du lortu Espainiako presidente izateko behar adina babes inbestidura saioko lehen bozketan. Baiezko 170 boto jaso ditu jarduneko presidenteak, eta 180 ezezko. Ez da abstentziorik izan.


2016ko abuztuaren 31n - 19:30
Mariano Rajoy, inbestidura hitzaldian.

Diputatuek ostiralean bozkatuko dute bigarrenez; orduko horretan, presidentegaiak aski izango du gehiengo sinplea (lehen saioan ezinbestekoa da baiezko botoen gehiengo absolutua lortzea.)

Bozkatu aurretik, Rajoyk asteartean emandako inbestidura hitzaldiaz eztabaidatu dute parlamentariek. Euskal Herrikoei dagokienez, hiruk hartu dute hitza: Aitor Estebanek (EAJ), Marian Beitialarrangoitiak (EH Bildu) eta Iñigo Allik (UPN).

EAJren ezezkoa

Esteban izan da euskal ordezkarietan mintzatu den lehena. Aurreko legegintzaldian PPren gobernuak –gehiengo absolutuarekin– izandako jarrera zentralizatzailea kritikatu du, eta EAEko erakundeek, bai Jaurlaritzak bai Gasteizko Legebiltzarrak, hartutako erabakiei Madrilek aurkeztutako helegiteengatik kritika helarazi dio Mariano Rajoyri. Ezezko botoa emango zuela iragarri du, “eztabaidarako atea zabalik” utzi badu ere, eta PPri adierazi dio EAJk ez duela harekin zertaz hitz egin popularrak "Euskadi eta estatuaren artean aldebiko akordioa lortzeko prest ez dauden bitartean".

Lehenago, goizean, Pablo Iglesiasek (Podemos) zalantzak agertu ditu EAJren jarreraz, jeltzaleek Rajoyri ezetz esatearen zergatia EAEko hauteskundeen hurbiltasuna ote den iradokiz, eta irailaren 25aren ostean jarrera horri eutsiko dion galdetuz. 

“PP kaleratu beharra”

Marian Beitialarrangoitiak PP Espainiako Gobernutik “kaleratzeko beharra” azpimarratu du, “politika antisozialei amaiera emateko”. EH Bilduko diputatuak PPren eta Espainiako Gobernuaren jarrera aldaketa eskatu du, Euskal Herrian bake prozesua ez oztopatzeko –Kolonbiako akordioak jarri ditu adibidetzat–, eta aipatu gabe, keinu egin die EAJ eta Podemosi, hiru indarren arteko “herri akordioa” egiteko Arnaldo Otegik zabaldutako proposamena aipatuz.

UPNko Iñigo Allik, berriz, politikarien jardunari kritika orokorra egin dio bere hitzaldiaren hasieran, “hondamendira goaz” esanez, eta Espainian gobernua osatzea eragozten duen blokeo egoera gainditzeko eskatuz: “Herritarren aurrean porrot egiten ari gara”. Rajoyren hautagaitzaren alde agertu da –Nafarroaren foru izaera errespeta dezala eskatuz– eta Nafarroan izandako azken gobernu aldaketa kritikatzeko baliatu du bere hitzaldia.

Datorren astetik aurrera zer?

Espainiako indar handien arteko eztabaidari dagokienez, ezerk ez du aditzera eman gobernua osatzeko hurbilketarik egon daitekeenik, are gutxiago ostiralera bitartean blokeo egoera iraul daitekeenik. Aurreikus daitekeenez Rajoyren inbestidura saioak huts egiten badu, ikusteko dago zein jarrera hartuko duten oposizioko talde nagusiek. Izan ere, PP gobernutik kanporatzearen alde agertu diren zenbait diputatuk Pedro Sánchezi eskatu diote aldaketarako paktu bat abiarazteko ahalegina egin dezala. Eskariok aintzat hartuz gero, PSOEko buruak bi hilabete lituzke alternatiba bat gorpuzteko. Oraingoz garaile, hirugarren hauteskundeen mamua.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nor izango da Espainiako presidente?
Rajoyren inbestiduraren aurka manifestazioa deitu dute Madrilen, "Mafiaren kolpea" salatzeko

Mariano Rajoyren inbestiduraren aurka, larunbatean manifestaziora deitu du 25-S erakundeak. Rajoy presidente bihurtuko duen inbestidura saioarekin batera abiatuko da. “Mafiaren kolpearen aurrean, demokrazia” leloarekin abiatuko da.


Urkullu: "EH Bildu kontziente zen egoeraz. Ez dut ikusi hautagaitzarik erretiratu duenik"

Lehendakariak “oportunismoa” egotzi dio EH Bilduri Eusko Jaurlaritzaren ikasturte berriko lehen kontseilu bileraren ostean. Espainiako Gobernuari, abertzaleak mespretxatzea.


Espainiar eskuinaren hegemonia

Hauteskunde biharamuneko ARGIAren azal honek eskaintzen zuen irudia ez zen txantxetakoa. Hori da Mariano Rajoyren ahotan entzungo den diskurtsoa, Espainia urdinarena. Tribunatik Espainiako eskuinaren nagusitasun ia erabatekoa barreiatuko da.


Rajoyren inbestidura saioa: Ciudadanosen ultimatuma, Pastorren jokaldia eta eguberriak

Datozen 48 orduetan PPk bere eskaerak betetzen ez baditu, inbestidura saioan baiezkoa emateko negoziaketak bertan behera utziko ditu Ciudadanosek.


Pedro Sanchezek ez du presidente izateko babesa lortu

Aurreikusita zegoen gisara, Pedro Sanchezek ez du lehen inbestidura saioan presidente izatea lortu; PSOEko hautagaiari ez zaio aski izan Ciudadanos eta Nueva Canarias alderdien babesa. Sanchezek gehiengo absolutua zuen beharrezko Gobernuko presidente izateko.


Eguneraketa berriak daude