Rajoyren inbestidura saioa: Ciudadanosen ultimatuma, Pastorren jokaldia eta eguberriak

  • Datozen 48 orduetan PPk bere eskaerak betetzen ez baditu, inbestidura saioan baiezkoa emateko negoziaketak bertan behera utziko ditu Ciudadanosek.


2016ko abuztuaren 26an - 12:31
Ciudadanoseko Albert Rivera eta PPko Mariano Rajoy, abenduko hauteskundeen osteko bilera batean [Argazkia: República]

Gainean da datorren asteartean abiatuko den Rajoyren inbestidura saioa, eta haren inguruko mugimenduak areagotu egin dira azken orduetan. Ciudadanos da pausoa eman duen lehen alderdia. Juan Carlos Girauta bozeramaleak azaldu du PPri 48 orduko ultimatuma ezarri diola bere alderdiak: popularrei larunbat gauera arteko denbora eman die Ciudadanosen eskariak onartzeko. Bestela, inbestidura saioan Rajoyri baiezkoa emateko negoziaketak bere horretan utzi eta abstentziora joko dute.

“Rajoyri baiezkoa eman nahi diogu, beraz, eman horretarako arrazoiak”, zuzendu zitzaion Girauta PPko ordezkariei. Hala, Ciudadanosek datozen orduetan jakin nahi du akordioa ixteko ezinbestekotzat dituen baldintzei PPk ematen dien erantzuna. Ados jarriko balira, Rajoyk gutxienez 170 diputaturen babesa jasoko luke lehen bozketan, eta PPren ustez, horrekin PSOEren teilatuan jarriko luke pilota, sozialisten ezezkoak hirugarren hauteskunde batzuk ekar ditzakeelakoan.

Presidente hautatua izateko, lehen bozketan gehiengo osoaren babesa behar du Rajoyk, eta bigarrenean nahikoa luke gehiengo sinplearekin. Ia segurua da lehenengo bozketan ez duela behar besteko babesik lortuko, eta ikusteke dago gainontzeko alderdiek bigarrenerako hartuko duten jarrera.

Asteartean, Rajoy bakarrik

Bien bitartean, Ana Pastor Kongresuko mahaiko presidenteak ostegunean azaldu zituen inbestidura saioaren nondik norakoak. Martxoko saioan bezala, presidentetzarako hautagaia izango da lehen egunean gainontzeko diputatuei zuzenduko zaien bakarra. Hurrengo egunean egingo dute gainontzeko alderdietako bozeramaleek.

Hain justu, Pedro Sánchezek martxoan formatu hau erabili izana gogor kritikatu zuen PPk, eta idatzi bat aurkeztu zuen Lópezek –Kongresuko mahaiko presidentea martxoan– formatua aldatu zezan eskatuz, “lege iruzurra” zela iritzita. Popularren esanetan, Lópezen erabakiak “Pedro Sánchezen bakarrizketa goratzea” beste asmorik ez zuen. Bost hilabete geroago formula hura goitik behera errepikatu du PPk.

Eguberriak saihesteko formula bila

Inbestidura saioak kale egin eta hirugarren hauteskundeak deituko balira, itxura guztien arabera abenduaren 25ean izango lirateke, eguberri egunez. Data hori saihesteko formula bila ari dira jada alderdiak.

Esaterako, PSOEk aitortu du lege erreforma baten aukera aztertzen ari dela. Óscar López sozialisten Senatuko bozeramaleak adierazi duenez, “PPren xantaiari irtenbide bat bilatzen” ari dira. Hala, hauteskunde kanpaina astebete murriztu eta bozak abenduaren 18an izatea litzateke sozialisten asmoa.

Horretarako Hauteskunde Legearen (LOREG) 51. artikulua aldatu beharko litzateke hasteko, baina baliteke alferrikakoa suertatzea. LOREGaren 42. artikuluak dio korteak deuseztatu ostean 54 egun itxaron behar direla beste hauteskunde batzuk egiteko. Rajoyren inbestidura saioak kale egingo balu, Konstituzioak agindu bezala azaroaren 1ean deuseztuko lirateke korteak, eta abenduaren 18raino 47 egun besterik ez leudeke.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nor izango da Espainiako presidente?
Rajoyren inbestiduraren aurka manifestazioa deitu dute Madrilen, "Mafiaren kolpea" salatzeko

Mariano Rajoyren inbestiduraren aurka, larunbatean manifestaziora deitu du 25-S erakundeak. Rajoy presidente bihurtuko duen inbestidura saioarekin batera abiatuko da. “Mafiaren kolpearen aurrean, demokrazia” leloarekin abiatuko da.


2016-08-31 | Unai Brea
Rajoyri ezezkoa inbestidura saioko lehen bozketan

Espero zenez, Mariano Rajoy PPko hautagaiak ez du lortu Espainiako presidente izateko behar adina babes inbestidura saioko lehen bozketan. Baiezko 170 boto jaso ditu jarduneko presidenteak, eta 180 ezezko. Ez da abstentziorik izan.


Urkullu: "EH Bildu kontziente zen egoeraz. Ez dut ikusi hautagaitzarik erretiratu duenik"

Lehendakariak “oportunismoa” egotzi dio EH Bilduri Eusko Jaurlaritzaren ikasturte berriko lehen kontseilu bileraren ostean. Espainiako Gobernuari, abertzaleak mespretxatzea.


Espainiar eskuinaren hegemonia

Hauteskunde biharamuneko ARGIAren azal honek eskaintzen zuen irudia ez zen txantxetakoa. Hori da Mariano Rajoyren ahotan entzungo den diskurtsoa, Espainia urdinarena. Tribunatik Espainiako eskuinaren nagusitasun ia erabatekoa barreiatuko da.


Pedro Sanchezek ez du presidente izateko babesa lortu

Aurreikusita zegoen gisara, Pedro Sanchezek ez du lehen inbestidura saioan presidente izatea lortu; PSOEko hautagaiari ez zaio aski izan Ciudadanos eta Nueva Canarias alderdien babesa. Sanchezek gehiengo absolutua zuen beharrezko Gobernuko presidente izateko.


Eguneraketa berriak daude