Rajoyk Parlamentuari, Generalitateari eta Kataluniako udalei mehatxu egin die

  • Mariano Rajoyk Kataluniako Erreferendumaren Legearen aurkako helegitea jarri du eta Erreferendumaren Dekretua geldiarazteko eskatu dio Espainiako Auzitegi Konstituzionalari.


2017ko irailaren 07an - 17:01
Rajoyk erantzun du bitarteko guztiak erabiliko dituela erreferenduma geldiarazteko.

Ostegun eguerdian jakinarazi ditu neurriak Espainiako Gobernuko lehendakariak, Ministroen Kontseiluaren ondoren. Azpimarratu du “demokraziak tinkotasunez, lasaitasunez eta duintasunez” erantzungo diola Espainiako zuzenbide estatuak jasotako erasorik handienari: “Behar den guztia egingo dut, ezeri muzin egin barik”. Gutun baten bidez jakinarazi die Kataluniako Gobernuari eta 947 udalei erreferenduma legez kanpokoa dela eta ezin dute inolaz hau egiten lagundu.

Kataluniako Gobernuak udal guztietara bidalitako gutunari erantzun die modu horretan Espainiako Gobernuak. Generalitateak hauteskundeetarako ohiko baliabideak prestatzeko agindu zien udalei eta 48 ordu ematen zien horrela egingo zutela jakinarazteko edo bestelako eragozpenak adierazteko.

Konstituzio Auzitegia bilduta

Konstituzio Auzitegia ostegun arratsaldez bilduko da salbuespenez Espainiako Gobernuaren eskariak aztertzeko. Aztertu ondoren, besteak beste, helegitea tramitera onartuko du eta Espainiako legediaren arabera, Erreferendumaren Legea bertan behera geratuko da. Zalantzan da zigorrik ere bideratuko duen, 2015eko auzitegiaren erreformarekin horretarako ahalmena badu eta.

Une horretatik aurrera Kataluniako instituzioek muzin egingo diete Espainiako instituzioei, Erreferendumari dagokionez, Erreferendumaren Legearen babesa dutelako. Independentistek diote lehen legezko hutsunea zegoela horretarako, baina orain badutela legezko babesa, eta horrek dena aldatzen duela. Independentisten aburuz, indarra erabilita bakarrik geldiaraziko du erreferenduma, eta orduan soberanismoa, besteak beste, kalera aterako da.

Deskonexio Legea

Gaur goizean onartu du tramitera Kataluniko Legebiltzarreko Mahaiak Deskonexio Legea deitutakoa eta ostegun honetan onartuko da Junts Pel Sí eta CUPeko diputatuen bidez, asteazkeneko prozedura azkarra erabiliz.

Lege hau, berez, Kataluniako Errepublikaren sorrera legea da eta bere zeregin nagusia da egungo lege egoeratik Errepublika berrira iragatean ez dadila legezko hutsunerik egon. Gaur onartu arren, ez da indarrean sartuko independentzia aldarrikatu arte, eta horretarako baiezkoak erreferenduma irabazi beharko du parte hartze handi batekin, baina hori guztia zehaztu gabe dago oraindik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kataluniako erreferenduma
Ponsati ez da agertu Auzitegi Gorenean zeukan hitzordura

Proces auziarekin lotutako Kataluniako kontseilari ohiari desobedientzia delituagatik auzipetzeko erabakia jakinarazi behar zion epaileak. Ponsatik argudiatu du astelehenean ezin izan dela agertu, Europako Parlamentuan lana daukalako.


2022-09-14 | ARGIA
Espainiako Defentsa Ministerioa harrapatu dute Kataluniako erreferendumaren Wikipediako erreferentzia bat moldatzen

Carla Simóm zuzendariaren Alcarràs filma arrakasta izaten ari da, eta asteartean jakinarazi zen Oscar sarietarako hautagaia dela. Berria ezagutu eta gutxira, filmari izena ematen dion Kataluniako herriari buruzko Wikipedia orrian Urriaren 1ari buruzko... [+]


2022-08-31 | ARGIA
Kataluniako buruzagi independentisten eskubideak urratu zituen Espainiako Estatuak, NBEren arabera

Oriol Junqueras, Raül Romeva, Josep Rull eta Jordi Turull politikarien kargugabetzeak Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna urratu zuela ondorioztatu du NBEk.


2022-05-25 | ARGIA
Kataluniako presoen indultuak berrikusiko ditu Espainiako Epaitegi Gorenak

Gorenaren hirugarren aretoak iritzia aldatu du eta indultuari jarritako helegiteak aztertzea erabaki du orain. PSCk “espero du” indultatuak espetxera ez bueltatzea, eta Carme Forcadellek adierazi du “edozer gauza” espero duela Gorenetik.


Eguneraketa berriak daude