argia.eus
INPRIMATU
Rajoyk baino soldata handiagoa dute EAEko enpresa publikoetako zazpi zuzendarik
  • 78.000 eurotik gora kobratzen dituzte urtean ondorengo erakundeetako zuzendari orokorrek 2011ko datu ofizialen arabera: Etxepare Euskal Institutua, Lanbide, Energiaren Euskal Erakundea, Hazi, SPRI, EAEko Teknologi Parkeen Sarea eta Osakidetza. Sueldos Publicos webguneak seinalatu duenez, Mariano Rajoy Espainiako presidentearen soldata ofiziala baino altuagoak dira zenbaki horiek.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2013ko otsailaren 01
EAEko enpresa publikoetako hainbat zuzendarik 78.000 eurotik gora kobratzen dute.

Eusko Jaurlaritzaren webgunean kontsulta daitezkeen datuek erakusten dutenez, 78.674 euro kobratu zituen 2011. urtean bost zuzendari orokorrek (Etxepare, Lanbide, Energiaren Euskal Erakundea, Teknologi Parkeen Sarea eta SPRI) eta euro bat gehiago Osakidetzakoak. Hazi S.A. enpresako zuzendari kudeatzaileak dauka enpresa publikoetako goi-karguen artean soldatarik handiena, 78.883 euro.

Konparazio bat egiteko, Espainiako Estatuko aurrekontu orokorretan Gobernuko presidenteari 78.185 euroko soldata egokitzen zaio —besterik da Rajoyren poltsikoetara bestelako bideetatik zenbat diru iritsi den—.

EAEko enpresa publikoetako beste 14 goi karguk 69.000 eurotik gora kobratzen dute (Ihobe, Visesa, Euskotren, Itelazpi, Euskal Trenbide Sarea, Alokabide, Unibasq, Uraren Euskal Agentzia eta Finantzen Euskal Institutua), alegia, Espainiako Gobernuko ministroek baino gehiago.

2011ko datuak dira eta ez daude 2012ko eta 2013ko gaurkotzeak sartuta, beraz, Sueldos Publicosen Carles Torrijosek interpretatu du soldata horiek izoztuta daudela geroztik.