argia.eus
INPRIMATU
Suitzako diru beltzak Rajoy eta PP zikindu ditu
  • 22 milioi eurora arteko diru-mugimenduak aurkitu dituzte Suitzako banku batean, Luis Barcenas PPko senatari eta diruzain ohiaren izenean, hedabideek asteazkenean jakinarazi zutenez. Bera da, gainera, Dresdner Bank bankuko beste lau konturen onuradun nagusia. Azken orduetan jakin ahal izan dugu Mariano Rajoy Espainiako presidentearen izena ageri dela Dresdner bankuak egindako txostenetan, eta 20 urtetan PPk gainsoldatak ordaindu zizkiela diru beltzean alderdiko goi-karguetako batzuei.

ARGIA @argia 2013ko urtarrilaren 18a
Barcenasek PPko goi-kargu batzuei gainsoldatak ordaintzen zizkiela esan du 'El Mundo' egunkariak.

Mariano Rajoyren izenaren alboan, Luis Fraga PPko fundatzailearen iloba eta senatari ohiaren izena ageri da Dresdner bankuaren 2005eko dokumentuetan, baita Internet Saludigital elkarteko presidente Jose Ramon Varelarena ere. Beste hainbat erakunderi ere egiten zaio erreferentzia txostenean, tartean Atlantikoko Autopisten emakidadun AUDASAri, La Moraleja izeneko higiezinen enpresa bati eta Padel Set sozietate mugatuari.

Bestalde, El Mundo egunkariak gaur jakinarazi duenez, PPko goi karguek diru beltza jaso dute 20 urtetan gainsoldata bezala. PPren egoitza nagusiak hilean 5.000 eta 15.000 euro arteko kopuruak zituzten gutun-azalak banatzen omen zituen alderdiko idazkari exekutibo, kargu publiko eta aparatuko beste kide batzuen artean. Hernández Mancha, Fraga, Aznar eta Rajoyrekin gertatu da hala, 2009ra bitartean. Egunkariak dioenez, dohaintzetatik, eraikuntza-enpresei kobratutako komisioetatik edota segurtasun enpresetatik zetorren. Victoria Prego El Mundoko zuzendari albokoak "antolatutako ustelkeria masibo" gisa definitu du gertatutakoa.