argia.eus
INPRIMATU
‘El padre de Caín’ telesail espainiarrak GAL zuritzen duela salatu dute
  • 80ko hamarkadan kokatuta dago Telecincoren telesail berria. El padre de Caín izena du, eta Salvador Calvo zuzendariak azaldu duenez, “Intxaurrondoko kuartelean ETAren kontrako borrokan lanean ari den guardia zibil baten egunerokotasuna kontatzen du”.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko abenduaren 07a

Rafael Vera Espainiako Segurtasuneko estatu idazkari ohiak idatzitako eleberrian oinarrituta dago telesaila, eta horrek haserrea eragin du Euskal Herrian. Izan ere, espetxeratuta egon da Vera hainbatetan, GAL erakundea finantzatzea, Segundo Marey bahitzea eta funts publikoak bidegabeki erabiltzea egotzita.

Telesailak Guardia Zibilak Intxaurrondon egindako torturak “estali” nahi dituela salatu dute hainbatek, eta Telecincori “historia manipulatzea” leporatu diote.

Bi atal ditu telesailak. Abenduaren 6an eman zuten lehenengoa, eta bigarren partea abenduaren 7an.

Telesailarekiko haserrea erakusten ari dira hainbat pertsona sare sozialetan, #Tele5Gal eta #Tele5TeleGal traolak erabilita.

"Rafael Vera GALeko kidearen nobelan oinarritutako telesaila egitea ez da telezaborra, terrorismo mediatikoa baizik".

"El Padre de Caín idatzi aurretik, GAL erakundea finantzatzeko funts publikoak ostu zituen Rafael Verak". 

"El Padre de Caín ikusten ari zaretenak, hau da Intxaurrondon egiten zutena. Ion Arretxe bizirik irten zen, Zabalza ez". 

"Imaginatu ahal duzue Alemaniako kontzentrazio-esparru bati buruzko telesail bat, SSko kide batek idatzita?

"Ezin zaio garrantzirik kendu El Padre de Caín telesailari, noski; estatu terrorismoa da. Kondenatutako kriminal baten eleberrian oinarrituta dago".

"Esku batean legea eta bestean elektrodoak".

"Zigortutako terrorista batek idatzitako serie bat, Europako tortura zentrorik handienean oinarrituta. "Demokrazia espainiar erara".