argia.eus
INPRIMATU
Qassem Soleimani, Ekialde Hurbileko indar faktiko bat
ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 03a
Qassem Soleimani (eskuinean) 2019ko irailean Ali Khamenei Irango lider gorenarekin eta Irakeko xiiten buruzagi nagusia den Muqtada al Sadrekin. (Argazkia: Irango Buruzagi Gorenaren Bulegoa)

1957an familia txiro batean sortua, 13 urterekin hirira jo behar izan zuen lan bila, gurasoen zorrak arintzen laguntzeko. 1979an Ruhola Khomeinik Irango Errepublika Islamdarra sortu zuenean, Soleimani Guardia Iraultzaileetan sartu zen eta geroztik Irango armadak berak baino indar handiagoa duen milizia paramilitar horretan egin du bizi osoa.

Soleimanik bere karrera militarra Iran eta Iraken arteko gerran hasi zuen, 1980. hamarkadan. Mendebaldeko potentziek –beranduago zintzurra moztuko zioten– xaxatuta Saddam Husseinek hasitako gerra handi hartan Soleimani iritsi zen armada irandarraren 41. Dibisioaren buru izatera.

2003an Mendebaldeko potentziek Irak inbaditu eta Saddam Hussein hilda bere errejimen osoa eraitsi zutenerako, Soleimani Al Quds brigadako jeneral nagusia zen. Geroztik, bera izan da Iranek Ekialde Hurbilean darabilen joko geopolitikoaren ageriko buru nagusia, hala adierazten dute Ali Khamenei Irango buruzagi gorenak espreseki erakutsi dion atxikimenduak eta baita Iranen arerio nagusiek, batik bat AEB eta Israelek, plazaratu izan dituzten analisiek.

Iraken Al Quds brigadak ahalegin handia egin behar izan du Iranen eraginari bidea irekitzeko herrialdea inbadituta zeukaten AEBei aurre eginda. Ekialde Hurbilean proportzio handi edo txikiagoan barreitatuta dauden musulman xiitetan oinarrituta, Libanon Hezbollah miliziari lagunduz eta Palestinan Hamas asko hedatu zuen Iranen eragin sarea eskualde osoan. 2012tik aurrera sarritan aipatu da Soleimanen garrantzia Sirian erortzear zen  Baxar al-Assad lehendakariari boterean jarraitzea bermatzean, Errusiak airetik ematen zion nagusitasuna milizia irandar eta xiitek lurrean osatzen zutelarik. Yemengo gerran ere Soleimanen izena aipatu dute Saudi Arabiaren armadak han jasandako porrotaren esplikazio nagusienen artean.

AEBen eta Iranen arteko ia-gerrak azken aldian Iraken dauka guduzelai nagusia eta hor utzi du bizia Qassem Soleimanik. Irango eta munduko xiiten arteko heroitzat sagaratzeko moduan hil da Soleimani, fronteko aurreko lerroan, soldaduen buruzagi mitikoak erortzen diren gisan.