2024ko urtarrilean Arberoako Lurra eta Etxebizitza kolektiboak Hazparneko Puyo agentzia okupatu zuen. Ekainaren 20an elkarretaratzea egin zuten ekintzaileei babesa emateko.
Puyo agentziaren aitzinean egindako agerraldian, 2024ko mobilizazioko zazpi ekintzaile irailaren 30ean epaituko dituztela jakinarazi dute. Iazko mobilizazioan parte hartzea eta jendarmeei DNA aztarnak ematea ukatzea leporatzen diete. 60 pertsona inguruk hartu zuten parte "etxebizitza espekulatiboaren ardura duten agentzien rola" salatzeko.
Ekintza baketsua zela gogoratu du kolektiboak, eta agentziako langileekin eztabaidatu eta istilurik eragin gabe alde egin zutela nabarmendu. Momentu hartan agentziaren salmenta espekulatibo bat salatu zuen kolektiboak, 2017an 250.000 eurotan erositako "Etxexuria" etxea 1.600.000 eurotan saltzeko asmoa zeukan Puyo enpresak.
Azken hilabetean zortzi pertsona galdezkatu eta horietako batzuk atxilotu eta etxe miaketak egin ditu Jendarmeriak, kolektiboak salatu duenez. Horri erantzuteko autoinkulpazio kanpaina abiarazi dute, Nik ere Puyo agentzia okupatu nuen lelopean. Kolektiboaren esanetan, "ez dituzte zazpi kide epaituko, herri oso bat baizik".
Epaiketa baino lehen, irailaren 27an, manifestazioa antolatu dute Hazparnen goizeko 10:00etan. Donoztiritik Hazparnera autoek "karakoil operazioa" egingo dute, eta 11:00etan Harana plazatik abiatuko da martxa.