Sare sozialetan zabaldutako mezu batean, AEBetako presidenteak adierazi du Errusiako bere homologoarekin izandako elkarrizketa "oso ongi" joan dela. Putinek esan du Ukrainako gerra amaitzeko ahaleginak "bide onetik" doazela, eta Mosku Kievekin bake akordio bat adosteko prest dagoela. Trumpen arabera, su-etenerako negoziazioak egingo liratekeen leku posible bat Vatikanoa da.
Azken asteetan izandako ika-miken ostean, AEBek esku hartu dute Errusiaren eta Ukrainaren arteko bake negoziazioak bultzatzeko: Donald Trump Etxe Zuriko maizterrak eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak bi orduko telefono dei bat izan dute astelehenean, eta biek adierazi dute "oso ongi" joan dela. Sare sozialetan zabaldutako mezu batean, Trumpek esan du Kiev eta Mosku "berehala" hasiko direla su-eten akordio bat adosten. Gauza bera esan du Putinek: "Ukrainako gerrari amaiera bat emateko ahaleginak bide onetik doaz", esan du Kremlineko buruak kazetarien aurrean.
Hilaren hasieratik bien arteko tentsioa handitu bada ere, badirudi azken egunetan Ukrainak eta Errusiak zuzeneko elkarrizketei ekiteko konpromisoa erakutsi dutela. Izan ere, Bigarren Mundu Gerraren amaieran Armada Gorriak naziak garaitu zituela gogoratzen da Garaipenaren Egunean, eta maiatzaren 9an 80 urte bete ziren gertakari hartatik. Ospakizun horren harira, maiatzaren 8tik 11ra bitarte iraun beharko zukeen su etena deklaratu zuen Vladimir Putin Errusiako presidenteak, baina Ukrainak ez zuen onartu, horren ordez 30 eguneko menia akordioa sinatu nahi zuela argudiatuta.
Asteburu horretan, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea Boluntarioen koalizioko Europako hainbat herrialdetako agintariekin bildu zen larunbatean, Kieven eta Moskuren arteko bake negoziazioen inguruan mintzatzeko. Hain zuzen, Emmanuel Macron Frantziako presidentea, Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroa, Friedrich Merz Alemaniako kantzilerra eta Donald Tusk Poloniako lehen ministroa izan ziren bilera horretan, eta Ukrainak proposatutako 30 eguneko su etena onartu ezean, zigor ekonomikoekin mehatxu egin zioten Errusiari.
AEBen bitartekaritza egoera baretzeko
Azken asteetako tirabirak baretzeko papera hartu du Trumpen administrazioak, eta, antza denez, fruituak eman ditu. 2022ko otsailean Errusia Ukraina inbaditzen hasi zenetik, bi aldeek hiru urte pasa zeramatzaten aurrez aurreko elkarrizketarik eduki gabe, joan den astera arte: Kieveko eta Moskuko ordezkariek bi orduko bilera eduki zuten ostiralean, Istanbulen. Aurreikusitakoa baino egun bat beranduago bildu ziren bi herrialdeetako ordezkaritzak, Putinek jakinarazi baitzuen ez zela bertan izango. Gainera, Errusiak bidalitako ordezkaritza "apala" zela eta ez zuela "erabakirik hartzeko botererik" leporatu zion Zelenskik Putini.
Halere, bilera horretan mila preso trukatzea adostu zuten Errusiak eta Ukrainak, azken horretako Defentsa ministro Rustem Umerovek jakinarazi zuenez. Horrez gain, Ukrainak ez zuen baztertu bi herrialdeetako agintariak aurrez aurre elkartzeko aukera. Hain zuzen, Trumpekin izandako telefono deiaren ostean Putinek adierazi du Mosku prest dagoela Kievekin gehiago biltzeko, besteak beste, Ukrainako gerrarako su-eten akordio baten baldintzak zehazteko.
Bake negoziazioen leku posible bat: Vatikanoa
Sare sozialetan argitaratutako mezuan, AEBetako presidenteak Ukrainaren eta Errusiaren arteko bake negoziazioak egingo liratekeen leku posible bat aipatu du: Vatikanoa. Frantzisko I. aita santua hil ostean, maiatzaren 8an aukeratu zuten Robert Prevost estatubatuarra –Leon XIV. izengoitia erabiliko du–, aita santu berria. Bada, Trumpek azaldu duenez, Eliza Katolikoaren buru berriak prestutasuna erakutsi du Moskuren eta Kieven arteko su-etenerako elkarrizketak Vatikanoan izateko.