"Putazaleek isiltasuna erosten dute"

  • Azala norbere bizipenen liburua balitz, Amelia Tiganusena (Galati, Errumania, 1984) beldurrezko eleberria izan liteke. Nerabezaroa ezagutu baino lehen ezagutu zuen matxismoaren aurpegirik makurrena, baina talde-bortxaketa hura ez zen lehen kapitulua baino izan, indarkeriak gidatutako historia bat gorpuzteari ekiteko. Merkantzia nola, Espainiara bidaiatu eta bost urtez 40 prostituzio etxetan aritu zen, azpimundu hori guztia benetako munduaren motorretako bat dela aldarrikatu aurretik.


2017ko azaroaren 28an - 09:57

Zorionez, argumentuek norabidea aldatzen duten bezala birsortzen da azala, eta Amelia Tiganusen eleberriari ausardia dario orain, tinta tantatan. Tolosaldean bizi da, eta txoko magikotzat du, bizitzak bizkar gainean jarri dizkion harriak kentzeko beharrezko arnasa eman baitio.

Hainbat urteren ondoren, zure historia kontatzea erabaki zenuen; zure egia. Zerk bultzatu zintuen?

Nire historia askotan kontatu nuen lehenago ere, baina, duela urte eta erdi publikoki egin nuen, eta aktibismoan hasi. Konturatu nintzen nire historia ez dela historia pertsonal bat, patriarkatuak ehundutako sare handi baten zati dela, zenbait emakume hainbat gizonen esku jartzeko.

Nola iritsi zinen horra?

Beti esaten dut pribilegiatua naizela, nire inguruak aukera eman didalako neure buruarekin berriro elkartzeko. Ezin nuen erreakzionatu gabe geratu, jakinda nik eta nirekin zeuden hainbat emakumek zer bizi izan genuen. Eta, jakinda, egunero-egunero emakume gehiago sartzen direla sexuaren industrian. Gizarteak errealitate hori ikusteko duen ezintasunak ere gogoa piztu zidan nire historia kontatzeko; askotan fribolizatu egiten da eta, beste askotan, egia hori existituko ez balitz bezala jokatzen dugu.

Kontatzea askatze bat izan da zuretzat?

Bai, egia esan, niretzat terapia egitearen parekoa da.

Eta epaitua sentitu zara?

Ez naiz epaitua sentitu, nire burua kulpatik eta arduratik askatu nuelako. Ulertu nuen ez nintzela ni, pisu hori bizkar gainean hartu behar zuena, beste batzuk baizik: estatu proxeneta; gizartearen isiltasun konplizea; sexu-indarkeriagatik ordaintzen duten putazaleak; eta, noski, gure gorputzekin aberasten diren proxenetak Espainian aisialdirako enpresa gizon deritzenak. Jendearen epaiketa hori ez nuen nire egin, eta kito.

Prostituzioan aritu zara, baina pertsona salerosketaren biktima izan eta gero.

Gehienak bezala, ni ere pasatu nintzen putaren nortasuna fabrikatzeko prozesutik, emakumeok ez baikara puta jaiotzen; emakumeak gara, eta kito. Putaren figura asmakizun patriarkala da.

Fabrikazio prozesua aipatu duzu.

Bai. Neronek garatutako kontzeptua da, bat horra nola iristen den aztertu eta gero. Ulertu eta gogoratu nahi izan nuen, zein momentutan utzi nion mediku edo irakasle izan nahiari, puta izan nahi nuela erabakitzeko. Eta guztia talde-bortxaketa batekin hasi zen, 13 urte nituela. Egiazki, hura ez zen okerrena izan; okerrena nire ingurukoen erreakzio falta eta konplizitatea izan ziren. Baztertu egin ninduten, seinalatu egin ninduten eta puta etiketa ezarri zidaten. Egoera ahul hartan, oso erraza suertatu zitzaien, niri sinestaraztea, bizitza honetan egin nezakeen onena puta izatea zela. Gainera, emakume gutxi batzuen adibideak jartzen zizkidaten, esanez, auto garestiak gidatzen zituztela, arropa polita janzten zutela edo gizartean errekonozimendua zutela. Puta dirudunek ez baitute estigmarik; gizarteak maite ditu puta dirudunak, maite ditu pretty woman-ak. Bide horretan, uste dut gure estigma handiagoa dela pobreak garelako, putak garelako baino.

Konbentzitu zintuzten, beraz.

Bai. 17 urte eta erdi nituela atzeman ninduten, eta proxeneta espainiar bati saldu, 300 euroan. Autobus batean hiru egun eta hiru gau pasatu nituen bidaian nire lehen bidaia zen, eta ilusioa sentitzen nuen, bi urtean bizimodua konponduko nuela esan baitzidaten: nire emakume-xarmarekin azkarra izanda diru asko irabaz nezakeela, ahalik eta denbora gehien aprobetxatu behar nuela eta, finean, nahi nuena egiteko askatasuna izango nuela. Ordea, informazio horri guztiari gela baten barruan gerta zitekeen guztia gehitzea falta zitzaion, horri buruz ez baita sekula hitz egiten; kontu opakua da. Ulertutzat ematen dugu sexua dela, baina zein sexu mota? Zer gertatzen da, benetan, emakume bat gela batera sartzen denean, indarkeriazko ekintza bat egiteko ordaindu duen putazale batekin?

Ipuin bat besterik ez zen?

Segituan konturatu nintzen errealitateak ez zuela zerikusirik kontatu zidatenarekin, eta ipuin eta glamour hura guztia gelako atean geratzen zirela. Gainera, ez zitzaizkidan kontuak ateratzen, bi urteren buruan handik irteteko, diru guztia kentzen baitzidaten. Ez zuzenean, noski: prostituzio etxeetan isun sistema moduko bat dago; arropa eta kosmetika produktuak izugarri puztutako prezioetan saltzen dizkigute; eta kokaina eta alkohola kontsumiarazten digute. Beren arabera, diru gehiago irabazteko, hasieran. Baina, gero menpeko bilakatzen gaituzte, indarkeria horri guztiari biziraun ahal izateko.

Zenbat klubetan aritu zinen?

Lehen prostituzio etxe hartatik alde egin nuen, hasieran kontatutako ametsari jarraitzeko. Baina, egiazki, 40 prostituzio etxetatik pasatu eta gero, errealitatea ez zen ia aldatu ere egiten. Guri dirua kentzeko sistema berbera zen leku guztietan, eta oso zaila zen ihes egitea. Atea zabalik izaten genuen berez, baina, ulertu behar dena da, horrelako egoera batean bizi den pertsona oso baldintzatuta dagoela. Buruko kateak izaten dira puskatzeko zailenak. Leku horietan askatasuna ez da existitzen, ezin duzulako nahi duzunean lo egin, nahi duzunean jan edo nahi duzun bezala jantzi: modu zehatz bateko arropa jantzi behar duzu soinean, putazaleen grina asetzeko; lo egin behar duzu, hamabi orduz penetrazioa tortura bilakatu den ohe berean; pilatuta bizi gara, emakume asko. Gainera, egun osoan pornoa ikustera behartzen gintuzten. Horrek guztiak zuzenean eragiten du erabakiak hartzeko gaitasunean. Indarkeria horren guztiaren barruan, normalena da zentzumen guztiak bizirautera bideratzea.

Nerabezaroan atzeman izanak ere zerikusia duela uste duzu?

Bai. Sexu indarkeria oso gaztetatik jasateak, eta helduarora kontzentrazio esparru batean heltzeak, noski, ez du aukerarik ematen beste edozein pertsonaren bidetik garatzeko.

Putak fabrikatu egiten direla diozu, hainbat konplizeren laguntzaz. Estatuak dira konplizeetako batzuk?

Estatuek oinarria jartzen dute, hori guztia gerta dadin; nik estatu proxenetak direla esaten dut. Espainiak, zehazki, Barne Produktu Gordinaren kalkuluan txertatzen ditu, 2014az geroztik, prostituzioak eta pertsona salerosketak egunero mugitzen dituen 5 milioi euroak. Aberastasuntzat hartzen dute, eta hazkuntza ekonomikoaz aritzen dira. Baina gizarteak ez du jakin ere egin nahi ustezko aberastasun hori nondik datorren.

Europako zenbait estatuk eredu jakin baten alde egin dute jada, prostituzioa arautzeko; Alemaniarena eta Suediarena, adibidez, eredu kontrajarriak dira. Zuri zein iruditzen zaizu aukera onena?

Erabaki horiek herrialde horietako emakumeen bizitzetan nola eragin duten ikusi behar da. Alemanian, emakume alemaniarrak ez dira prostituta bilakatu; gehienak herrialde behartsuagoetako emakumeak dira, emakume ahulak dira eta, besterik gabe, zulo bilakatzen dituzte, gizon alemaniarrek eskura izan ditzaten, eta proxenetak aberastu daitezen.

Suedian, berriz, emakume boteredunek ulertu zuten, erabaki horrek zerikusia zuela emakume guzti-guztiekin. Azken finean, putazaleak eta gu espazio berean bizi gara eta, feminista gisa, horrek kezka handia sortu zien. Beren ideologia politikoak alde batera utzi, eta apustu egin zuten emakume guztientzako aukerak sortzearen alde. Beharrezkotzat jo zuten, borondateak erosten dituzten gizonezkoak zigortzea.

Mugimendu feministari begira, nola ikusten duzu prostituzioaren gaiak sortzen duen dikotomia?

Nire irudipena da, bi bando horiek ez daudela erakutsi nahi digutena bezain bananduta. Besterik gabe, zenbait feministak sakondu eta hausnartu egin behar dute gai batzuen inguruan, eta horretan ari dira. Neoliberalismoaren eta lobby proxenetaren diskurtsoa mugimendu feministan sartu da, eta sarri fokua galtzen dugu. Eztabaida zentzugabe batean murgildu beharrean, badira hizketarako elkarguneak, eta horiei heldu behar zaie.

Zein dira puntu horiek?

Bada garaia erabakitzeko, prostituzioan aritu nahi ez duten emakumeei zer eskaini behar zaien. Izan ere lan hori egin nahi duten emakumeez bakarrik hitz egiten digute beti, garrantzitsuena hori balitz bezala. Garrantzitsuena eta gogorrena da, prostituta izan nahi ez duten emakume asko daudela, eta tortura hori guztia jasan beharra daukatela, mundu honetan bizirauteko. Beraz, hitz egin dezagun emakume pobreon patuaz, kondenatuta gaude-eta, gizonen genitalak miazkatzera. Nola egin dezakegu presioa, estatuak horri guztiari erantzun diezaion? Zer egingo dugu prostituzio etxeekin? Pentsa, esaten ari gara, batetik, birrindutako emakumeak jasotzen ari garela, eta ezin diegula babesik eman. Baina, bitartean, iturria irekita daukagu, merkatuan emakume gehiago sar daitezen. Gauza askoren inguruan hitz egin genezake, baina ez dut gogo handiegirik ikusten; ez dakit beldurra zeri zaion.

Burbuila handia da prostituzioarena, baina, ba al du iturbururik?

Prostituzioa patriarkatuaren eta kapitalismoaren artean sortutakoa da, hori argi dago. Askotan hitz egiten da gizonezkoen behar fisiologiko kontrolaezinez, baina uste dut mito hutsa dela. Batetik, sexualitate patriarkal eta harrapakaria dago; emakumeon sexualitatea inbaditu eta puskatzen du, berau garatzeko ia aukerarik utzi gabe. Jabetze prozesu bat izan eta gure sexualitate propioa bizi nahi dugun emakumeok ikusten dugu, gizonezko askok ez dutela plazera negoziatu nahi; ez dute sexualitatea bizitzen berrikasi nahi. Ana de Miguelen aipu bat gogora ekarriko dut: «Gizonezkoek bulkada sexual hori kontrolatu ezin badute, guztiak ezgaitu beharko dira, behinola beraiek gurekin egin zuten bezala, emozionalak izateagatik». Kezkagarria da uste izatea, gizonek ez dutela gaitasunik pentsatzeko, eta grina horren indarra gelditzeko.

Indarkeriazko pasarterik bizi izan duzu?

Bai, behin baino gehiagotan. Dena den, uste dut, desirarik pizten ez dizun gizon batekin egote hutsa indarkeriazko pasartea dela bere horretan. Putazaleak gauza bakarrak batzen ditu: uste dute emakumeok beren desirak betetzeko gaudela munduan. Batetik, putazale misoginoa dago: emakumeak gorroto dituen putazalea, eta emakumeak torturatzen eta min fisiko zein psikologikoa eragiten gozatzen duena. Bizitza galtzeko zorian egon izan naiz behin baino gehiagotan. Prostituzioan aritutako emakume guztiok aurre egin behar izan diogu horri, ez baita indarkeria hori bai ala bai ulertu eta baimentzen duen beste espaziorik. Gizonek zerbitzu horren truke ordaindu egiten dutenez, edozein arduraz salbuetsita daude.

Mundu ezkutua izateak ere sustatzen du hori, akaso?

Bai, noski. Putazaleek isiltasuna erosten dute, hori da egia bakarra. Orain, adibidez, La Manadaren kasua bizitzen ari garen honetan, feministok benetako talde bat gara, eta badakigu Iruñean gertatutakoa edonori gerta dakiokeela. Aldiz, gehiago kostatzen zaigu ulertzea, gizon horiek gauza bera zilegitasunez egin dezaketela, trukean ordainduz gero. Eta astebururo egiten dute, parranda baten amaieran, ezkondu aurreko agurretan edo, besterik gabe, emakumeen gorputzak dibertsioa baino ez direla uste duten bakoitzean. Geure buruari galdetu beharko genioke, beraz, zer den benetan diru horrekin erosten dutena.

Baina, galderak zerbitzua eskaintzen duen emakumeari egiten dizkio gizarteak.

Bai, bai, zalantzarik gabe. Pisu guztia prostituzioaren edo salerosketaren biktima horri erortzen zaio. Eta salerosketarena diot, bai poliziak, bai gai hori lantzen duten Gobernuz Kanpoko Erakundeek onartzen dutelako, arazoak dituztela pertsona salerosketaren biktimak identifikatzeko, parean izanda ere. Aldiz, jende askok uste du, eskuan diru zorroa daraman putazale bat gai izango litzatekeela bereizteko, prostituta bat salerosketaren biktima den edo ez. Hein handi batean, hori lotuta dago salerosketa biktimen inguruko estereotipoekin, eta hor komunikabideek zeresan handia dute.

Zergatik?

Salerosketaren inguruko albiste bat sortzen den aldiro, ikuspuntu polizialaz gain, beti hizpide izaten delako emakume horiek giltzapean zeudela, behartuta ari zirela eta tratu txar fisikoak jasaten zituztela. Edo biktima perfektua zara, edo ez zara biktima. Indarkeria matxistarekin ere gauza bera gertatzen da: gero eta kontzientziatuagoak gaude betiere, bikotearen markoan eta ulertzen dugu biktimek ez dutela profil zehatzik. Baina oso-oso urrun gaude, salerosketaren biktimekin gauza bera gertatzen dela pentsatzetik.

Komunikabideak aipatu dituzu. Posible da zenbait telebista saiok prostituzioa eta salerosketa banalizatu izana? Ala balio izan dute gaia plazaratzeko?

Uste dut oso garrantzitsua dela eztabaida kalera ateratzea, zerbait aipatzen ez bada ez delako existitzen. Baina, nire ustez, saio horiek giza-eskubideen ikuspuntutik eskaini beharko lukete informazioa, gaia desitxuratu gabe eta konponbidea bilatzen saiatuz; ez propaganda eginez. Iruditzen zait prostituzio ona eta prostituzio txarra ikusarazten saiatzen direla, argi eta garbi. Nire ustez ez da halako bereizketarik, baina, izango balitz, balizko bi prostituzio mota horien arteko banaketa lerroa ikusezina litzateke; elkar estaltzen eta elikatzen dute bi errealitateek. Prostituzioa existitze hutsa kaltegarria da emakumeontzat, emakume jaio izanagatik denok irits baikintezke egoera horretara. Beraz, komunikabideek sentsazionalismoa utzi, eta prostituzioa giza-eskubide urratze bat bezala jorratu beharko lukete.

Bada prostituzioa askatasunarekin lotzen duenik; tartean, prostituta zenbait ere bai.

Bai, transgresiotzat jo izan dute askotan, baina nik ez diot inolako transgresiorik ikusten, duela 5.000 urteko emakumeek bizirauteko egiten zuten gauza bera egiteari. Transgresioa edo haustura da, esaterako, nik egin dudana: esleitu zidaten lekutik ateratzea. Analisiaren edo diskurtsoaren abiapuntua oso garrantzitsua da eta, bide horretan, estigma hori jasan beharrik ez duten emakumeek bakarrik hitz egiten dute; hitz egiten dugu. Nik ez dut denen izenean hitz egiten, badakidalako nire ahotsak ez dituela emakume guztiak ordezkatzen. Eta inork ez luke denon izenean hitz egin beharko.

Estigma horrek pisu handiagoa al du, prostituzioaren eragin psikologikoak baino?

Inondik inora, ez. Guk jasaten duguna abusua dela ulertu behar da eta, ulertu behar da, desio ez dituzun 15 gizonen penetrazioak gau berean jasatea, tortura bat dela. Ez da gauza bera hori bizkar gainean eraman eta gero errekuperatzea, edo estigma horrekin bizitzea. Estigmak zerikusi handiagoa du gu leku horietan mantendu nahi izatearekin; estigma gure kontrolerako tresna bat da. Nik ez nuen estigmaren pisua jasaten prostituta lanetan ari nintzenean, nire egitekoa betetzen nuelako. Pausoa eman eta marra zeharkatu nuenean, orduan hasi nintzen estigma jasaten; erabaki nuenean, ez nuela puta izan nahi, emakume izan nahi nuela.

Nola egiten zaio aurre karga horri guztiari?

Prostituzioa beste edozein lanbide balitz bezala erregulatu dute zenbait herrialdetan, gaia arinkeriaz landuz. Baina ez da gauza bera eskailerak gogorik gabe garbitzea, edo beste pertsona baten genitalak gogorik gabe miazkatzea. Sexualitatea emozioei oso lotutako zerbait da, eta desoreka sor diezaguke. Horregatik, estigmaren aurka borroka egiteko, emakume guztiok berdinak garela sentitu behar dugu, estigmak gure arteko desberdintasunak markatzeko ere balio baitu: onak eta txarrak, putak eta ez putak. Ordea, prostituta ez diren emakumeengan erresistentzia moduko bat nabari dut, parekatze horri begira, onarpen soziala galdu edo arriskuan jar baitezakete; prostituta ez izatea nolabaiteko pribilegioa da mundu patriarkal honetan.

Pornografia kontsumitzera behartzen zintuztela aipatu duzu. Neurri batean, pornografiak prostituzioa elikatzen du?

Prostituzioak eskaera du, baina, nire ustez, bada eskaera hori sortzeko tresna bat: sexu industriak tresna hori baliatzen du, gizonak prostituzioa kontsumitzera bultzatzeko. Izan ere, pornografia prostituta batek egiten duenaren deskribapen grafikoa da, eta horrek eragin zuzena du kontsumitzaileengan. Gizonak gero eta goizago hasten dira pornoa kontsumitzen eta, horietako asko, gero ez dira gai benetako emakume bat sentitzeko. Arazo handiak izaten dituzte benetako sexualitatea bizitzeko, eta hori frustrazio bilakatzen da, gero eta pornografia eta indarkeria gehiago kontsumitzen baitute, zoriontasun faltsuaren bila. Egia esan, uste dut guztioi forma ematen digutela, sexuaren industria aberastu dadin.

Zoriontasuna aipatu duzu. Prostituzioan aritu zinen bost urte haietan, zoriontsu sentitu zinen noizbait?

[Tarte bat hartu du pentsatzeko] Ez. Ez nekien zoriontasuna zer zen ere. Poza izan zitekeenaren printza txiki bat sentitzen nuenetan, nire etorkizuneko bizitzarekin pentsatzen aritzen nintzen; behar nuen dirua lortu eta handik ateratzea lortuko nuen egunarekin. Hori kontu orokorra da, han geunden guztiok hitz egiten baikenuen, hura amaitzen zenerako genituen planez; denok atera nahi genuen handik diruarekin, nahiz eta sekula ez den diruarekin ateratzen.

Prostituzioak emakume mendebaldar, zuri eta klase ertain-altuko gehiagori eragingo balie, kezka handiagoa sortuko luke gizartean?

Espainian hazten ari da pertsona salerosketa, eta horrek kezka areagotu duela iruditzen zait. Gure alabak, ahizpak edo lagunak biktima izan daitezkeela ikusten dugunean, alarma piztu egiten da. Horrenbestez, uste dut kezkak ez duela halako zerikusirik klasearekin, gertutasunarekin baizik. Askotan ahaztu egiten zaigu, putetxeetako kontzentrazio esparruetan dauden emakume horiek ere badirela norbaiten alaba, ahizpa edo lagun; deshumanizazioa sekulakoa da, ez ditugu pertsona moduan ikusten.

'Feminicidio.net'-en ari zara orain, aktibista moduan.

Bai, 2015 amaieran hasi nintzen, Graciela Atencio zuzendaria ezagutzeko zortea izan bainuen. Feminicidiok prostituzioaren inguruan egindako txostenak harridura handia sortu zidan, gaiari benetan merezi duen garrantzia ematen diotela ikusi nuelako. Ordura arte, nire ahizpa prostitutak gizarteko ahaztuenak zirela sentitzen nuen. Orduan hasi zen nire abentura, eta orain prostituzioari, salerosketari eta indarkeria matxistari buruzko atala koordinatzen dut Feminicidio.net-en, online ikastaroak eskaintzearekin batera. Era berean, ikerketa lanak ere egiten ditut gai beraren inguruan. Nire egiteko nagusia errelatoa plazaratzea da, eta behinola isilpean gordetzeko ordaindu zidaten horri buruz hitz egitea. Oso zaila da han barruan bizitzen den guztia imajinatzea, baina jendeak jakin behar du, behintzat, prostituzioa ez dela Pretty Woman filma.

Pelikula erromantikoa eta bukaera zoriontsuduna. Gogoan al duzu ikusterakoan sentitu zenuena?

Amorrazio handia sentitu nuen, herri-kulturak indarkeria asko erromantizatzen duelako eta, prostituzioaren kasuan, are gehiago. Baina, egia da, film hori ikusterakoan, emakume guzti-guztiok prostituta izan edo ez identifikatuta sentitu izan gara Julia Robertsekin. Izugarria da, prostituzioa glamourra balitz bezala nola saltzen diguten ikustea.

Lortu zenuen handik ateratzea, eta bizitza berri bati ekin diozu. Prostituzioak zerbait ona eman al dizu, jabetze bidean?

Bai, eman dit, nahiz eta ez zen beharrezkoa hori guztia pasatzea [barreak]. Honaino iristea, iritsi naizen indarrarekin, oso positiboa da niretzat. Askotan entzuten dugu «bere bizitza berregin du» eta halako esaldiak, baina, zer da bizitza berregitea? Ezkondu, seme-alabak izan, eta kulparen pisua isilik gordetzea? Ez, niretzat behintzat. Norbere bizitza berreraikitzea subjektu politiko gisa errekonozimendua izatea da: mundu honen errealitatean eragin ahal izatea; injustizien aurrean konponbideak proposatu ahal izatea; emakume guztiontzat bakea bilatzea.

Albiste hau Tolosaldeko Atariak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Prostituzioa
Carolina Clemente, sexu langilea
"Puta estigma emakume guztiok kontrolatzeko dispositibo bat da"

Ogibidea eta izatea bereizi ezin bizi da Carolina Clemente (Bartzelona, 1985). Sexu langilea da, eta duela hiru urte Donostiara etorri zen lanera eta bizitzera: «Euskaldunok duzuen indarra gustatzen zait, antolatzeko eta protestarako. Nire estigma borrokatzeko inspirazio... [+]


Bi pertsona atxilotu dituzte Gasteizen emakumeak prostituitzera behartzea leporatuta

Haien ia biktima guztiak egoera irregularrean dauden atzerritarrak dira, bizirauteko euren borondatearen kontra prostituitu behar izan direnak.


2023-09-07 | Irutxuloko Hitza
Venezuelako zazpi emakume Donostiako pisuetan prostituitzeaz akusatutako talde bat epaituko dute

Irailaren 14tik aurrera, bost gizon eta bi emakume epaituko dituzte, talde espainiar-venezuelar bateko ustezko kideak, ustez egunean 24 orduz, astean zazpi egunetan, Donostiako pisuetan “edozein motatako sexu zerbitzuak” ematera behartzen zituzten Venezuelako zazpi... [+]


Sexu langileen hitzak erdigunean

Puta zikinak liburua sexu langileen baldintza materialez, burutazioez, antolakuntzaz eta problemez mintzo da. Nerea Fillatek eta Hedoi Etxartek, Katakrak argitaletxeko editoreek, Iruñean aurkeztu dute liburua.


2023-03-14 | Euskal Irratiak
Sexu langileen lekukotasunak biltzen dituen liburu baten kontra oldartu da CAPP kolektibo feminista Baionan

Katakrak argitaletxearen Puta zikinak liburuaren kontra oldartu da CAPP Collectif Abolition Porno Prostitution kolektibo feminista Baionan, Elkar liburudendan. Juno Mac eta Molly Smith idatzi liburuaren azalak urratu eta "Prostituzioa: bezeroak, bortxatzaile... [+]


Eguneraketa berriak daude