“Pungeștin naturari oso lotuta bizi dira; horrek indarra eman die frackingaren aurkako borrokan”

  • Tokian tokiko trantsizio energetiko jasangarriaren aldeko taldea, horixe esan nahi dute TESLA siglek. Maria Olteanu, elkarteko presidentea, Bukarestetik iritsi da Frackanpadara, Errumaniako hiriburutik 100 kilometrora dagoen Pungești herriko borrokaren berri ematera. 2013an, Pungeștiko biztanleek errepresio latza jasan zuten, Chevron hidrokarburo konpainiak euren herrian fracking teknika erabiltzeko ziituen asmoen kontra protesta egin zutenean.


2015eko uztailaren 20an - 03:31
"Errumaniako leku askotan jendeari informazioa eman gabe erabili dute frackinga, 2010 ingurutik" (Arg.: Unai Brea)

Bukarestekoa zara zu, baina Pungeștiko borrokaz hitz egitera etorri zara Frackanpadara.

Errumania osoan frackinga erabiltzearen aurka nago, eta beraz niretzat naturala da ahal dudan guztia egitea Pungeștin frackinga erabil ez dadin. Gure elkartea saiatu da hango egoeraren berri nazioartean zabaltzen, hala nola elkartasuna sustatzen. Pungești hamaika herrik osatutako udala da, oso biztanle gutxi daukana, gehienak adinekoak, emakumeak eta umeak. Polizia etorri zenean desoreka nabarmena zen: 300 herritar 1.000 inguru polizaren kontra.

Astearteko mahai inguruan esan zenuenez, Europako eskualderik pobreenetako batean dago Pungești.

Hala da, eta horrek bizimodu berezia eragin du, hango jendea oso lotuta dago naturari. Behar dituzten gauzetako asko euren kabuz lortzen dituzte, baratzeak dauzkate, arraina eurek arrantzatzen dute… Ez dituzte erosketak dendan egiteko ohiturarik. Horrek beste testuinguru bat ematen dio borrokari. Nik uste dut naturarekiko lotura estuago horrek indar handiagoa eman diela borrokan jarraitzeko. Azkenean Chevronek helburua bete zuen, baina Pungești ikur bihurtu zen, errepresioa handi samarra izan baitzen.

Hala ere, ez da izan Errumanian frackinga erabili den leku bakarra…  

Pungeștikoa test moduko bat izan zen. Eurek diote ez zutela frackingik erabili. Kontua da Chevron etorri zela, zulatu egin zutela eta ez zutela aurkitu nahiz zutena. Baina Errumaniako leku askotan jendeari informazioa eman gabe erabili dute frackinga, 2010 ingurutik. Hori, lehorrean; izan ere, Errumaniako Itsaso Beltzean erabili zen frackinga lehenengoz Europan, 2008an. Baina hori geroago jakin genuen. Ofizialki 44 enpresa daude Errumanian hidrokarburoen sektorean lanean. Kopuru ofizialek ez dute bereizten erregai konbentzional eta ez-konbentzionalen artean, baina jakin badakigu konbentzional gehiena agortuta dagoela, beraz…

Zein da egoera orain Pungeștin?

Lasaia. Chevron joan zen eta oraintxe ez daukagu haren asmoen berririk. Errumaniako Chevronen webgunea ere ez duzu ikusiko dagoeneko, desagertu da.

Bukaresteko Gobernua frackingaren alde dagoela ondoriozta daiteke, esan dituzun gauzetatik…

Bai, historia bitxia da, izan ere gaur egungo lehen ministroa, Victor Ponta, 2012an iritsi zen boterera, agenda berde bat zeukala, eta hauteskundeak eta gero hasi zen beste agenda bat ezartzen, frackinga sustatzen, urre meatzaritza proiektu eskergak sustatzen… Konpainia handien agenda, azken batean..

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Frackanpada
2015-07-20 | Unai Brea
Frackanpada
Azoka ekologikoa eta balorazioa, Frackanpadari amaiera emateko

Amaitzear dago astebetez Subillako zelaiak aldarrikapenez, hitzaldiz eta eztabaidaz bete duen Frackanpada. Igande arratsaldean egingo den balorazio batzarraren zain, antolatzaileak pozik agertu dira lortutako emaitzarekin. 300 bat lagun inguru izan dira bertan kanpatuta, eta... [+]


2015-07-16 | Unai Brea
Rachel Thompson, Reclaim the Power
"Frackingaren aurkariok irrazionalak garela dioen propaganda ia inork ez du sinesten”

Rachel Thompson Manchester inguruan bizi da (Ingalaterra), frackingak mehatxatutako eremu batean. Astelehenean, Frackanpadaren hasiera ekitaldian, ekimenaren aurkezle lanak egin zituen Thompsonek. “Jakin badakigu borrokaren hurrengo zikloa aurrekoak baino zailagoa izango... [+]


2015-07-15 | Unai Brea
Mikel Otero, Fracking Ez
“Gasa orain atera ez arren behin eta berriz etorriko da frackingaren tentazioa”

Frackanpadako hirugarren egunean hitz egin dugu Fracking Ez plataformako bozeramale Mikel Oterorekin. Tantaka-tantaka, jendea Subilla Gasteiz ondoko zelaietara hurbilduz joan da; hau idazteko unean 300 lagun inguru dabil haustura hidraulikoaren aurkako nazioarteko mobilizazioan,... [+]


2015-07-13 | Unai Brea
Subilla Gasteizeko herritarrei protagonismoa emanez hasi da Frackanpada

Ekitaldi xume batez abiatu da uztailaren 19ra arte Subillako zelaietan egingo den frackingaren aurkako kanpaldia. Hain zuzen ere, bertako herritarrek mobilizazioa antolatzeko eman dituzten erraztasunak eskertu ditu Fracking Ez plataformako bozeramale Mikel Oterok.


Eguneraketa berriak daude