argia.eus
INPRIMATU
Puigdemonten abokatuak salatu du bere bulegoari eraso egin diotela
  • Gonzalo Boye abokatuak sare sozialetan argazkiak zabaldu ditu, Madrilgo bulegoan urtarrilaren 16 gauean sartu zaizkiola salatuz: "Dena hankaz gora utzi dute. Beldurtuko gaituztela uste badute jai dute". Ordenagailurik ez dute eraman, baina zerbitzarian eskua sartu dute. Boyek adierazi du gaur bukatzen zela epea Auzitegi Gorenean apelazio-errekurtsoa jartzeko, Puigdemont eta Comín atxilotzeko ebazpenaren aurka. Garaiz iritsi direla dio, "zerbitzarira eta internetera sarbiderik gabe" ere.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2020ko urtarrilaren 17a

Txio harian adierazi du ez dakitela lapurretarik egin ote dieten Madrilgo Pilar de Zaragoza kalean duten bulegoan. Jarraian "lapurrak" komatxo artean izendatu ditu, helburua ohiko lapurretena ez, besteren bat zutela iradokiz. "Zer izango da hurrena, nire etxea, familia, edo ni?" galdetu du eta lehen mezutik sendo esan du ez dela eraso hauen aurrean kikilduko, eta txio haria gaztelerazko "jarraitzen dugu" hitzekin bukatu du.

Epea agortzen zen egunaren bezperan

Txio bidez bezperako erasoaren berri ematen kontakizuna hasi eta lau ordura adierazi du Boyek, egun honetan bertan amaitzen zela epea Auzitegi Gorenean apelazio-errekurtsoa jartzeko, Puigdemont eta Comín atxilotzeko agindua ematen duen ebazpenari. Bulegoan jasotako erasoak ekarri dizkien arazoak aipatu ditu; interneterako sarbiderik gabe eta zerbitzarira ere sartu ezinik egon dira azken egun honetan. Baina errekurtsoa jartzera iritsi direla dio (Vilaweben irakur daiteke errekurtsoa jarri izanaren albistea).