argia.eus
INPRIMATU
Puigdemont irudikatzen zuen panpin bat erre eta tirokatu dute Andaluziako Coripe herrian
  • Gertakaria “gorroto delitu” dela adierazi du Junts per Catalunya alderdiak, eta salaketa jarriko duela aurreratu. Generalitateak ere auzitara joko duela iragarri du.

ARGIA @argia 2019ko apirilaren 23a
Argazkia: @miquelstrubell -ek sareratutako ekintzaren bideoko uneetako bat

Asteburuan jaso da gertakaria. Coripen (Andaluzia) kalejira egin zuten Puigdemont irudikatzen zuen panpinarekin, jendeak honen kontrako irainak airatzen zituen bitartean. Kalejirari amaiera emateko, panpina zintzilikatu, erre eta tirokatu egin zuten. Sarean hedatutako irudietan antzeman daitekeenez, panpina Udaltzaingoaren autotik atera zuten.

 

Gertakariaren aurrean Puigdemontek hitza hartu eta ekintza gaitzetsi du. Halakoek indarkeria bultzatzen dutela azpimarratzeaz gain, ekintza herriko agintarien onespenarekin egin dela salatu du: "Ez da gutxiengo baten ekintza izan. Ekitaldi ofizial bat izan da. Herriko agintari sozialistek onartutako eta udaltzaingoaren parte hartzearekin egindakoa".

Junts per Catalunyak “gorroto delitutzat” jo du gertakaria, eta salaketa jartzeko asmoa agertu. Quim Torra Generalitateko presidentea ere mintzatu da jazoeraz, eta auzitara joko dutela jakinarazi du.

Coripeko alkate Antonio Perez sozialistak, aldiz, normaltzat jo du gertakaria. Puigdemonten panpinak gaizkia irudikatzen zuela adierazi du, eta aurretik “politikari eta bankari ugari” eta “baita arabiarrak ere” jo-puntutzat hartu izan direla esan.