“Espainiako estatuaren errepresioa salatuz, urriaren 1aren izaera demokratiko, baketsu eta eredugarria” gogoratuko dute irailaren 29an Gernikan. Gure Esku Dagoko bozeramaile Angel Oiarbidek azaldutakoaren arabera, hainbat ordezkari politiko eta kulturalek hartuko dute parte ekitaldian, tartean, bideo bidez, Carles Puigdemontek.
“Kataluniako erreferendumak marka sakona utzi du, baina kultura demokratiko berri baten mugarria izan da –adierazi du Oiarbidek–. Asmo politikoei erantzuteko tresna eta bide demokratikoak behar ditugu”. Gernika aukeratu dute horretarako: “Euskal Herriaren historian orbain beltz bat da Gernikako bonbardaketa, baina bakearen ikur bilakatu dugu”.
Ekitaldiaren bidez, preso politikoei, exiliatuei, errepresaliatuei eta haien senideei “elkartasun osoa” ere adierazi nahi zaie. Kutsu kultural eta politikoa izango du elkarretaratzeak eta besteak beste, Picassoren Gernika koadroaren mural erraldoia, auzolanean egina, aurkeztuko dute.
“Demokraziaren aldeko defentsa” egitera eta larunbatean Gernikara bertaratzera deitu ditu herritarrak Oiarbidek.