argia.eus
INPRIMATU
Puigdemont eta Cominek Europako Legebiltzarrean sartzean Junqueras askatzea eskatu dute
  • Gaur hasi dute Europako Legebiltzarreko kide bezala beren lana Kataluniako Carles Puigdemont lehendakari ohiak eta Toni Comin kontseilari ohiak. Espainiako Auzitegi Gorenak kondenatua egoteagatik parlamentari kargua hartzea ukatu dioten Oriol Junquerasen askatasuna eskatu dute beren lehenbiziko ekintzan.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 13a

Estrasburgoko egoitzara iristean bozkariozko irudiak eskaini dituzte bi hautetsi onartu-berri katalanek eta haiei elkartasuna azaltzera hurbildu diren herritarrek.

Puigdemontek prentsari oroitarazi dizkio Kataluniatik ezkutuka ihes egin ostean gaurko egunean bizitako garaipena arte egin behar izan duen bide luzea: "Bi urte luzez gainditu behar izan ditugu guk politika egin genezan jarritako oztopoak. Bitarteko oso handiak jarri dituzte gu honaino iritsi ez gintezen".

Mezu argi bat helarazi dio Europar Batasunari ere: "Kataluniako krisiak eragin die Europaren zutoinei. Europar Batasunak ezin du jarraitu beste aldera begira".

Puigdemont eta Cominek gogoan eduki dute Orio Junqueras lehendakariorde orain espetxeratua, Espainiako Auzitegi Gorenak galarazi diona Europako Legebiltzarrean bozketan irabazitako aulkiraino iriste, eta haren askatasuna esijitu dute.