argia.eus
INPRIMATU
Prentsa braillez: 'Publinews' aldizkariaren eredua zabaltzen ari da Latinoamerikan
  • 110.000 lagunek sufritzen dute Guatemalan ikusmenarekin lotutako ezintasunen bat eta problema larriagoa da nekazalguneetan. Itsu gutxik daukate irratia edo telebista eskura. Horregatik, Publinews hilabetekariaren agerpena ez da nolanahiko albistea izan bertakoentzat. Doan da eta braillez dago idatzita. Uztailean atera zuten lehen zenbakia eta Amerika Erdialdeko braillez idatzitako lehenengo egunkaria da.

2012ko irailaren 11
Braillezko egunkaria. Argazkia: Anna-Claire Bevan-en bloga.

Guatemalako Itsuen eta Gorren Elkarteak (Prociegos) bultzatu du argitalpena eta 2.500 kopia banatzen dituzte. Lau enpresaren babesa du argitalpenak: Walmart, Telefonica, Cardioaspirina eta Cervecería Centro Americana S. A..

Duela bi urte Txilen argitaratu zen Latinoamerikako lehenengo braillezko hilabetekaria. Bigarren esperientzia da Guatemalakoa, eta harrera ona izan duenez El Salvadorren beste hainbeste egitea litekeena da.

Publinewsek 16 orrialde ditu eta nazioarteko, Guatemalako, teknologiari buruzko eta kirolari buruzko albisteak jorratzen ditu. Erronka argitalpena gehiago hedatzea eta maizago argitaratzea da.

Informazio gehiago:

Anna-Claire Bevan-en blogean gaztelaniaz.

New Internationalist aldizkariaren webgunean ingelesez.