Arico herrian (Tenerife) Coalición Canaria alderdiaren gobernuak proposatu duen errauste plantaren erabat kontra azaldu dira sozialistak eta esan dute horren ordez apostu egin behar dela hondakinak jatorrian sailkatuta bildu eta birziklatzetik.
Horrela mintzo dena ez da Podemos edo EHBildu, Kanariar uharteetako Tenerifeko PSOE baizik: "Erraustegia gaitzesten dugu, horrekin dozenaka urteko atzerakada egingo genukeelako. (...) Sozialistek betirako lurperatuko dugu erraustegiaren asmo hori eta gure ahalegin guztiak zentratuko ditugu hondakinak beren sorburuan berezi eta horrela birziklatzea sustatzen, hau industria berde bat delako ez bakarrik Arico herriari baizik eta uharte osoari ekarrikok diolako etekina lanpostu gehiago eta hobeekin. (...) Erabakiak kontutan hartu behar du ez bakarirk oraina baizik eta baita ondorengo belaunaldiak ere".
Kontua da Kanarietako Kabildoa (gobernua) 2006tik ari dela Hondakin Plan Orokor berria prestatzen eta justu duela gutxi zabaldu dela horren mamia: hondakinen kudeaketaren erdian aurreikusten ditu bi erraustegi uharte banatan, bata Tenerifen eta bestea Gran Canarian, bien artean urtean 300.000 tona erretzeko. Tenerifekoa joango litzateke Arico herrian, Granadilla eta Abades artean, lehendik han daukatelako Ingurumen Gunea, hau da, erraustegia ez beste tratamendu guztien biltokia. Agintariek 2008an egin zuten erraustegia Aricon ezartzeko aurreko ahalegina, eta orduan ere sozialistak haserre atera ziren kontra.
Kontsumo masiboak mundu osoan eragin duen hondakin uholdeak are eragin nabarmenagoak dauzka uharteetan, beren geografia mugatuagatik. Tenerifen, esaterako, 2017an zabaldu ziren Aricon pilatutako pneumatikoen irudi ikusgarriak: 7.600 tona gurpil zahar nola aprobetxatu ez zekitenak. Ziurrenik horientzako ere pentsatu dute erraustegia Kanarietako Hondakin Plan berria prestatu dutenek. Pentsatu duten bezala Europak errausketaren diru-laguntzak eteteko hartu berri duen erabakian salbuetsita geratzen direla uharteak. Eskerrak kanariarrek PSOEko sozialistak dauzkaten, errauste asmoak errotik moztuko dituztenak, seguru.