Itxaso Atutxa EAJko Bizkai Buru Batzarraren presidentearen ustez, “hasiera txarra” da Pedro Sanchez PSOEko buruzagi berriarentzat PPrekin bat egitea Kataluniako erreferenduma errefusatzeko.
Atutxak Onda Vascari emandako elkarrizketa batean adierazi du Sanchezek bere jarrera zein den argi azaldu duela, eta gogor kritikatu du PSOEren idazkari nagusiaren jokabidea: “Federalismoaren, irekitzearen eta aurrerakoitasun ezkertiarraren aldeko sozialismoaren formula berria hau bada, gaizki hasi direla iruditzen zait”.
Jeltzaleak salatu du ez zaiola “batere eraikitzailea” iruditzen Espainiako Estatuan bipartidismoaren alde egiten dutenek “debeku” bat defendatzea “batasunaren” alde egiteko, Kataluniako erreferendumaren auziari erreferentzia eginez.
Pedro Sanchez eta Mariano Rajoy hiru orduz bildu ziren astelehenean eta gai batean bakarrik agertu ziren ados: biek Kataluniako erreferenduma ilegala dela eta ez dela egin behar uste dute.
Atutxak kritikatu du bileraren inguruko “titular bakarra” dirudiela bai EAEn, baita Espainiako Estatuan ere.