Ostegun honetan iragarri dute akordioa bi aldeek eta zalaparta ugari sortzen ari da Espainiako Estatuan. Akordioaren ondorioz, ERC abstenitu egingo da urtarrilaren 7an egingo den Pedro Sanchezen inbestidura bozketan.
Jarraian PSOEk eta ERCk sinatutako akordioa osorik:
ESPAINIAKO GOBERNUA ETA KATALUNIAKO GENERALITATEKO GOBERNUAREN ARTEKO AKORDIOA GATAZKA POLITIKOA KONPONTZEKO MAHAIAREN SORRERARAKO
Sinatzen dugun aldeek zera ikusten dugu: Kataluniako etorkizunari buruzko gatazka politikoa desblokeatzeko eta bideratzeko aukera dugu, eta gatazka konpontzeko oinarriak ezartzeko ere bai, egungo egoera gainditzeko elkarrizketa borondatea baitago.
Dagoen aukera honen onarpenak eta alde biek erakutsitako borondate eta tinkotasun politikoak, elkarrizketa eraginkor, zabal eta zintzoa zabaltzea eta garatzea ahalbidetzen du, eta baita ere instituzioen arteko elkar ulertzea eta onartzea.
Horren guztiaren ondorioz, eta Espainiako Gobernua eta Kataluniako Generalitateko Gobernuaren arteko harreman markoa finkatzen duten aldebikotasuna eta leialtasun printzipioekin bat, zera adostu dugu:
1. Gatazka politikoa dagoela onartzen dugu eta berau konpontzeko bide politikoa abiaraziko dugu.
Kataluniako etorkizunari buruzko gatazka politikoa dago eta hori onartzetik abiatuko gara.
Izaera hau duen edozein gatazka moduan, hau bakarrik konpondu daiteke bide demokratikoekin, elkarrizketaren, negoziazioaren eta akordioaren bidez, gatazkaren judizializazioa gaindituz.
2. Gatazka politikoa bideratzeko elkarrizketa, negoziazioa eta akordiorako aldebiko mahaia sortuko da.
Horregatik, gobernuen arteko elkarrizketa, negoziazioa eta akordiorako Mahaia sortzeko konpromisoa hartzen dugu. Alde guztien elkar onartzetik eta zilegitasunetik abiatuko da, eta indarrean dagoen ordenamendu juridiko demokratikoaren tresnekiko eta printzipioekiko begirunea izango du muga bakarra.
Mahai hau tresna politikoa da eta honako printzipioetan oinarritzen da.
1. Osaketa: Espainiako Gobernua eta Generalitateko Gobernua. Ordezkaritzak paritarioak izango dira, alde bakoitzak erabakitzen dituen partaideez osatuak.
2. Edukia: aurkeztutako proposamen guztiei buruzko elkarrizketa zabala. Alde guztiek askatasunez jarriko dituzte mahaiaren gainean Kataluniaren etorkizunaren gainerako proposamen zehatzak. Proposamen bakoitzarekiko posizioak baloratu, eztabaidatu eta argudiatuko dira.
3. Egutegi gardena: Espainiako Gobernua osatzen denetik hamabost egunera eratuko da Mahaia eta epe zehatzak finkatuko ditu bileretarako eta ondorioak aurkezteko.
4. Adostutakoaren jarraipena eta bermeak: Mahaiaren hasiera, bere jarraipena eta akordioen betetzea bermatzeko mekanismoak jarriko ditu Mahaiak.
Espazio honetan bilatu beharko dira Kataluniako gizartearen sostengu zabala izango duten akordioak. Hortaz, alde biek hartzen dute finkatutako prozeduren bidez adostutako akordioen eraginkortasuna bultzatzeko konpromisoa. Akordioetatik ateratzen diren neurriak demokratikoki balioztatu beharko dira Kataluniako herritarrei egindako kontsulta bidez, aurreikusten diren mekanismoekin edo sistema juridiko-politikoaren markoan aurreikus daitezkeenekin bat eginda.
Mahai honek elkarrizketa instituzionalerako diren bestelako espazioak bultzatuko ditu eta haiekin koordinatuko da. Horien artean dira Kataluniako Autonomia Estatutuak jasotzen duen Generalitat-Estatua Aldebiko Batzordea eta Kataluniako Legebiltzarrean den Alderdien Mahaia.