argia.eus
INPRIMATU
PSEko Lezoko zinegotzi Jose Ángel Sánchezek Puigdemont kartzelan ikusi nahi du
  • Jose Ángel Sánchez udal ordezkari sozialistak txio bat idatzi du, Kataluniako presidenteari “zulora” joatea opatuz. EAJren esku dagoen Lezoko udal gobernu batzordeko kide da.

ARGIA @argia 2017ko urriaren 31
Jose Angel Sanchez eta Denis Itxaso PSEren 2015o udal hauteskunde kanpainan (arg: Socialistasguipuzcoanos.es)

Carles Puigdemonten Bruselarako bidaia dela eta Twitterreko erabiltzaile batek utzitako iritziari erantzun dio Jose Ángel Sánchez Lezoko PSEko zinegotziak, “a la trena” (“zulora”) gaztelaniazko esaldi labur baina adierazgarria idatziz.

Kataluniako presidentearen kontra, besteak beste, matxinada delitua leporatzen dio Espainiako Estatuko fiskalak eta 30 urteko kartzela zigorra ekar lezake horrek.

Zinegotziaren ateraldiak berehalako erantzuna izan du beste txiolari batzuen eskutik: “Zulora? Hori dio langileen ordezkari sozialista batek?” ihardetsi dio erabiltzaile batek.

Udal gobernuan EAJrekin batera

Sánchez Lezoko PSEko zerrenda-buru izan zen 2015eko udal hauteskundeetan eta berak du sozialistek udalerri horretan lorturiko zinegotzi bakarraren kargua. EAJrekin egindako akordioaren bidez udal gobernu batzordeko kide da hala ere.