argia.eus
INPRIMATU
PSOEk lan erreformaren indargabetzeari emandako babesa erretiratu du, bozketa errepikatzeko eskatu ostean
  • 2012ko lan erreforma indargabetzea eskatuz EH Bilduk zuzenketa aurkeztu zuen asteazkenean Espainiako Kongresuan. Berau onartu eta ordubetera, PSOEk bozketa errepikatzea eskatu eta emandako babesa erretiratu zuen.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 02a
Berraktibatze Ekonomikorako taldea (Argazkia: congreso.es)

Asteazken gauez, EH Bilduk 2012ko lan erreforma indargabetzeko zuzenketa aurkeztu zuen Espainiako Kongresuan. Alderdiak proposatzen zuen 2012ko lan erreforma hori “langileen eskubideekin justuagoa eta garantista” litzatekeen legedia berri batengatik ordezkatzea. Bozketa bidez, COVID-19aren harira Espainiako Kongresuan eratutako Berreraikitze Komisioko Berraktibatze Ekonomikorako taldeak onartu egin zuen zuzenketa; Unidas Podemosek eta PSOEk berretsi egin zuen maiatzean lan erreforma indargabetzeko hartutako akordioa, osasun krisiaren ostean berregituratze ekonomiko eta soziala xede.

Bozketa egin eta ordubetera, baina, PSOEk beren diputatu eta komisioko koordinatzaile María Luz Martínez-Seijori bozketa errepikatzeko eskakizuna egin zion, lehenik Pedro Casares bozeramailearen bidez eta ostean Rafael Simancas idazkari nagusiaren bitartez. Azken honek adierazi zuenez, taldeen artean adostu zuten gehiengoa ordezkatzen duten taldeek proposatuz gero, eztabaidatu eta bozkatutako gai baten bozketa berrikusi ahal dela. Bozkaketa berriz gauzatzea lortu ostean, alderdiak aurretiaz lan erreforma indargabetzeari emandako babesa erretiratu egin zuen, PP, Ciudadanos eta Junts-ekin batera posizionatuz. EAJ abstenitu egin zen.