PSE Gasteizko Udaleko gobernuan sartu da EAJrekin akordioa sinatuta

  • Peio Lopez de Munain Gasteizko lehen alkateordea izango da. Hemendik aurrera, PSEk besteak beste Gizarte Politiken eta Herritarren Segurtasunaren sailak hartuko ditu bere gain.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2016ko maiatzaren 23an - 16:48
Araba Buru Batzarraren presidente Jose Antonio Suso, Gasteizko alkate Gorka Urtaran, PSE udal taldearen bozeramaile Peio Lopez de Munain eta Arabako PSEko idazkari nagusi Cristina Gonzalez (argazkia: Arabako Alea).

Hamaika hilabeteren ondoren, PSEk eta EAJk gobernu akordioa sinatu dute eta sozialistak Urtaranen gobernuan sartu dira. Hemendik aurrera, Peio Lopez de Munain izango da lehen alkateordea. Itziar Gonzalo bigarren alkateordea izango da.

Era berean, Gizarte Politikak eta Osasun Publikoa; Kultura, Hezkuntza eta Kirola; Partaidetza eta Gizarte Etxeak; Herritarren Segurtasuna, eta Udal Administrazioa PSEren esku geratuko dira. EAJren esku mantenduko dira gainontzekoak: Alkatetzaren eta Erakunde Harremanen Saila (Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzua, Gardentasuna, Berdintasuna, Euskara, Gazteria, Garapenerako Laguntza, Nekazaritza Eremua eta Errolda barne); Ogasuna; Funtzio Publikoa; Enplegua eta Garapen Ekonomiko Iraunkorra; Hirigintza; eta Ingurumena.

Koalizio akordioa lortu arren, Gasteizko Udal Gobernuak gutxiengoan gobernatzen jarraituko du; udalean dauden 27 zinegotzietatik bederatzi (EAJk bost eta PSEk lau). PPk beste bederatzi zinegotzi ditu, EH Bilduk sei, Podemosek bi eta Irabazik bat.

Astelehen goizean, Araba Buru Batzarraren presidente Jose Antonio Susok, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek, PSE udal taldearen bozeramaile Peio Lopez de Munainek eta Arabako PSEko idazkari nagusi Cristina Gonzalezek aurkeztu dute akordioa eta bertan adierazi dute orain urtebete bi alderdiek sinatu zuten gobernagarritasun akordioa oinarritzat hartuko dutela. Lopez de Muniainek akordioaren garrantzia nabarmendu du, gobernu "sendoagoa" izango delako.

Oposizioa kritiko akordioaren aurrean

EH Bildu udal taldeko bozeramaile Miren Larrionek adierazi du iragarpen honek ez duela ezer aldatzen. "Azken urteko balantzea egitean, sozialistek izan duten papera hutsaren hurrena izan dela agerian geratzen da". Era berean, "PSE gobernuan sartzearekin arduren banaketa handiagoa suposatuko badu ere, ez dugu PSE benetako aldaketa suposatzen duten neurri eta proposamenak lantzen ikusi orain arte”, adierazi du Larrionek. "EAJk berriz, bi ereduen artean aukeratu beharko du. PPk adierazten duen eredua, PSErekin batera hiriko enpresari handiei EJZ zerga jaistea suposatzen duena, edo aldaketa indarren eredua".

Bestetik, Irabazi udal taldeak ere PSE-EAJ akordioa kritikatu du, bere esanetan, soilik "hauteskunde interesei" erantzuten diolako. "Alderdi sozialistak Udal Gobernuan sartzeak ez ditu gasteiztarren arazoak konpontzen eta soilik erantzuten die bi alderdi hauen hauteskunde interesei". Era berean, ekainaren 13an "aldaketa" bultzatu ez zutenekin orain gobernua osatzea leporatu dio EAJri.

PP udal taldearen bozeramaile Javier Marotok adierazi duenez, "lehen gutxiengoan zegoen udal gobernu bat zegoen hiriko proiektuak aurrera eramateko, eta orain, horrela izaten jarraituko du".

Azkenik, Podemosek salatu du PSEk hamaika hilabete behar izan dituela "gasteiztarrak gogoan izateko" eta bi alderdien arteko akordioak  "konponbideak" baino, "zalantzak" ekarriko dituela.

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gasteiz
Abalak behar dira Gasteizko Kulturgune euskaltzalea martxan jartzeko

Kulturgune euskaltzalea martxan jartzeko eskaera bikoitza egin nahi du Lazarraga Kultur Elkarteak. Izaskun Arrue Kulturguneak oraindik ezin ditu bere ateak ireki, urte eta erdi pasa ondoren publikoki irekitzeko moduan zegoela adierazi zenetik.


Natasha Rueda, Gasteizen euskaldundua:
"Euskarak duen traba nagusietako bat da ikasteagatik dirutza ordaindu behar izatea"

Astelehen iluntzean ibili da 23. Korrika Gasteizko kaleetan zehar, eta euskaltzaleek hiria aldarriz bete dute. Bertan izan da Natasha Rueda ere, eta prestaketa lanetan zebilela hitz egin dugu berarekin. Kolonbiarra jatorriz, Gasteizen bizi da duela 25 urtetik; Korrika pasa dela... [+]


Euneiz unibertsitate pribatuaren proiekturako egindako "zuhaitz mozketa masiboa" salatu du Elkarrekin Arabak

David Rodriguez bozeramaileak ohartarazi duenez, jarduerak “eragin larria izango du Salburuako hezeguneetan, bertako floran eta faunan”.


Epailearen aurrera eraman dute bikotekide ohia giltzaperatu eta eraso egiteagatik atxilotutako gizona

Ertzaintzak jakinarazi duenez, gizonak Gasteizko Alde Zaharreko lonja batean bahituta izan du emakumea zenbait orduz, eta hainbat alditan egin dio eraso. Gizonak urruntze agindua zuen, aurrez egindako tratu txarrak tarteko. Astelehen goizean atxilotu zuen Ertzaintzak, eta... [+]


Osakidetzaren pribatizazioaren aurkako manifestazio jendetsuak Bilbon, Gasteizen eta Donostian

Milaka pertsona elkartu dira larunbat honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburu bakoitzean,“osasun publikoaren narriadura, desegitea eta pribatizazioa” salatzeko. Osakidetzako aurrekontuaren %25 Lehen Mailako Arretara bideratzea eskatu dute.


Eguneraketa berriak daude